GUTUNA. Babestutako eremuan erreketak

Aitor Leiza 2020ko ira. 28a, 10:14

Irailaren bian, paddle surf, batel, uretako motor eta karelez kanpoko motor asko zebilen ibaian. Hau ez da txarra, baina ez badugu minimo bat errespetatzen, bertoko faunak, bereziki hegaztiek, atsedenerako duten leku bakarretik martxa egiten dute. Abiadura txikian ibili motordunak, eta denok ibaiaren ezkerraldea erabil dezagun. Basusta mendi azpia, alegia, eta honekin nahikoa dela pentsatzen dut.

Ingurumenean honelako presioa ikusi eta gero, konturatu ginen araztegitik gora, baratzak dauden eremu luze bat erre egin zutela ur ertzeraino dauden landare guztiak errez.

Hau ikusi eta gero, eremu honetan ardura duten administrazioko departamentu guztiekin harremanetan jarri nintzen. Eremua nork erre zuen arrastorik ez nuenez, administrazioko departamentu desberdinei adierazi nien nik zer egingo nukeen, eskaera idatziz eginaz.

Ez da lehenengo aldia Udalak liskarrak dituela jabe hauetako batzuekin. Zuhaitz Egunean, 2012an, baimena eskatu ondoren eta gehientsuenek baietz esan eta gero, umeekin landatutako zuhaitz eta zuhaixkak kendu zituzten. Hau nahikoa ez bazen, agintaldia bukatu baino lehen (2015an) birlandatu ziren mila landare baino gehiago lapurtu zituzten. Ez dakigu nortzuk izan ziren. Hau dena esan eta gero, ale batzuk bizitzea lortu zuten oraindik ere. Ordutik hasi direnak erre dituzte orain. Erre gabe geratu den zatian ikus daiteke indartsu datozela. Honi gehitu behar zaio sastrakak kendutako bi eremu daudela, bat hasieran, araztegian duen zabaleran, eta bukaeran bestea.

Txalupak amarratzeko estaka berriak ere jarri ditu norbaitek. Babes eremuan esan beharrik ez dago baimena behar dala.

Oikia inguruan, berriz, ur hertzeko kanaberak moztea ohiko da baratzan erabiltzeko. Landare hauek kanpokoak dira eta kendu egin beharko lirateke bertoko landarediari lekua usteko, baina ez badute erabili behar ez moztu mesedez, eta gutxiago moztutakoa ibaira bota. Arazoak ekarri ditzake ibaitik behera.

Hau dana esan ondoren, nire eskaera Zumaiako Udalari, Aldundiari, Kosta sailari eta Ura agentziari hau da:

  • Jakinaraztea lursail jabe guztiei baimenak behar direla erreketak egiteko eta babes eremua denez, edozein aktuazio egiteko ere bai. Gerta daiteke jabeak eta erabiltzaileak desberdinak izatea. Erabiltzailea desberdina bada, jabeak hari jakinarazio beharko lioke.
  • Erre diren lursail jabeei argi utzi erreketak egiteko Aldundiari baimena eskatu ezean isuna duen aktuazio bat dela.
  • Legeak jakin gabe nola dauden, ulertzen dut isunen bat jarri beharko litzatekeela, baina ez da berdina sasiak kentzea edo erretzea. Jakinarazpenean gehitu oinezkoen bidetik ibaira bitartean edozer gauza egiteko baimenak eskatu behar direla.

Urte asko dira ekimen hauek ez direla salatzen eta gutxiago konponbide bat aurkitzen, eta honek bultzatu nau gertaera hauek kontatzera. Hau dena babestutako eremu batean, Europak onartutako 2000 sarean, Eusko Jaurlaritzak izendatu, Europak onartu eta Aldundiak kudeatu behar duen eremua. Ez da hain erraza, baina asko sinplifikatu dut hobeto ulertzeko.  

Ez dakit zerbait egiteko asmorik duen administrazioko erakunderen batek, baina zuekin, zumaiarrokin, konpartitu nahi nituen gertaera hauek eta aholku hauek.