Brontzea irabazi du Peñak Munduko kopan

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 27a, 18:23

Munduko piraguismo kopa jokatu da asteburu honetan Hungariako Szeged hirian. Pandemiak eragindako mundu mailako osasun krisia dela eta, aurten jokatuko den nazioarte mailako proba bakarra izan da hau. Iñigo Peñak eta Paco Cubelosek osatutako K2ak 1.000 metroko distantzian parte hartu du, eta brontzezko domina eskuratu du. 

Ostiralean lortu zuen bikoak finalerako txartela, sailkatze estropadako bere txandan bigarren egin ondoren. Finala gaur goizean jokatu dute. Aurreko txapelketatan egin izan duten bezala, erdi aldean joan dira estropada zati handienean, eta proba amaitzeko 250 metroren faltan bosgarren martxa sartu diote motorrari. Aurkari batzuk aurreratu dituzte, eta hirugarren postuan iritsi dira helmugara, 3:21.80 denborarekin, urrea irabazi duten Carre eta Hubert frantziarrengandik segundo eta 12 ehunekora. Beccaro eta Burgo italiarrak izan dira bigarrenak. 

Laugarren urtea da Peña Hungariako hiri honetan lehiatu dela, eta lau hitzordu horietan podiumera igo da. Pozik agertu da zumaiarra, "urte zail eta arraro honetan berriro ere podiumera igo" izanagatik. Orain opor txiki batzuk hartuko dituela adierazi du, denboraldi berrira, "urte olinpikora", indarberrituta prestatzeko.