Emakumeon* Etxea elkartearentzat lokal bat egokitzea onartu du udalbatzarrak

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 25a, 17:00

Ardantzabideko lokal bat egokitzeko 287.385,16 euroko kreditu aldaketari baiezkoa eman zion atzo ohiko udalbatzarrak, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Emakumeon* Etxeko espazio fisikoa izango denaren obra gauzatzeko kreditu aldaketa onartu zuten atzo, Udaleko ohiko plenoan, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Udal gobernuaren arabera, elkarteko kideekin hala adostu ondoren, Ardantzabideko lokal bat egokituko dute. Onartutako kreditu aldaketaren arabera, proiektuak 287.385,16 euroko aurrekontua izango du, eta orain lizitatu egin beharko da obra. 

EAJren udal taldeak kreditu aldaketaren aurka bozkatu zuen, nahiz eta “Emakumeon* Etxeak espazio fisikoaren alde” egon. Jeltzaleen arabera, Gaztegunea Ardantzabideko lokal horretara lekualdatzea eta gaur egun Gaztegunea dena Emakumeon* Etxeko elkarteari eskaintzea zen beren proposamena. PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonek, berriz, alde bozkatu arren, “guztiz ados ez” dagoela aipatu zuen: “Aurreko agintaldian egin zen Emakumeon* Etxearekin apustua. Hala ere, Zumaiako lokalen inguruko azterketa bat egin behar genukeela uste dut, ondoren beharren arabera banatzeko”. 

Udalbatzarreko alde guztien botoekin, merkataritza eta ostalaritza laguntzeko 50.000 euroko diru laguntza onartu zuten atzoko udal plenoan –horietatik 38.000 euro Aldundiak bideratu ditu–. Bestetik, udal brigadari furgoneta berria jartzeko 6.000 euroko aldaketa onartu zuten. Alokairuen diru laguntzen aldaketak ere onetsi ditu dagoeneko udalbatzarrak.

Bestetik, Udalak UKTrekin elkarlanean COVID-19ak sortutako pandemia egoeran zumaiarren bizipenak bilduko dituen ikus-entzunezkoa egiteko 28.132,50 euroko partidari baiezkoa eman zion udalbatzarrak. 

Euskaraldiarekin bat
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko den Euskaraldia egitasmoari bere babesa eman dio Zumaiako Udalak. Horretarako ohiko udalbatzarrera emandako mozioan Iñaki Ostolaza alkateak aipatu zuen “erantzukizunez” egingo duela bat Zumaiako Udalak, eta ekimen hori zabaltzeko konpromisoa hartuta.