Zuhaitz bat erori da Oikia inguruan, eta itxita dago Zumaia eta Zarautz arteko trenbidea

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 25a, 11:02
(Utzitakoa)

Trenaren katenaria gainera erori da zuhaitza, 10:00ak aldera. Une honetan ezin da Zumaia eta Zarautz arteko bidea trenez egin, baina autobus zerbitzua jarri du martxan Euskotrenek.

Zarauztik Zumaiara zihoan trenak istripua izan du gaur goizean, 10:00ak baino lehen: Oikia ingurura iritsi denean, zuhaitz bat erori eta trenaren katenaria jo du, matxura eraginez.

BALEIKEk jakin duenez, ez ziren bidaiari asko barruan, eta oinez mugitu behar izan dira Oikiara. Taxia hartu dute handik, Zumaiara.

Euskotrenek BALEIKEri jakinarazi dio une honetan itxita dagoela Zarautz eta Zumaia lotzen dituen trenbidea. Hortaz, autobus zerbitzua jarri du martxan bi herri horien artean: Bilbotik Donostiara bidean doazen bidaiariek Zumaian jaitsi behar dute, eta autobusez joango dira Zarautzera. Zarautzen berriz igo ahal izango dira trenera, Donostirako norabidean.

Alderantziz, Donostiatik Bilbora bidean doazen bidarariek ere berdina egin beharko dute Zarautzera iristean: trenetik jaitsi eta Zumaiarako autobusa hartuko dute bertan. Haien helmugaren arabera, Zumaian berriz ere trena hartu edo Zumaiatik bidaia osoa autobusean egiteko aukera izango dute.