Izokinik ez doa Urolan gora

Aitziber Arzallus 2020ko ira. 25a, 13:30
Urola ibaia, Zestoako herrigunetik Osinbeltz presara arteko zatian. (Aitziber Arzallus)

Zestoako Osinbeltzeko presa eraitsi du Ura agentziak, "arrainen zirkulazio naturala" berreskuratzeko helburuarekin. Aitor Leiza Naturkoneko kideak ez du uste nahikoa denik. Gai horren inguruan, honako erreportaje osatu du 'Gipuzkoako Hitza'-k.

Bidasoa eta Oria ibaietan badira izokinak; Urola ibaian, ez. “Hori esaten dute, baina ez da guztiz egia”, dio Aitor Leiza Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten elkarteko kideak. “Urola ibaira ere sartzen dira izokinak; neure begiekin ikusia naiz”, baieztatu du. Arrantzale batek erakutsi zion izokin bat Leizari, Zumaian, Urola ibaia itsasoratzen den lekuan. “Arrantzan ari zela harrapatu zuen, eta atzera berriz uretara bota zuen”, kontatu du. Baina, orduan, zergatik ez doaz ibaian gora? Argi du erantzuna: “Ezin dutelako, bidean oztopoak besterik topatzen ez dutelako”. Aurrerantzean, oztopo bat gutxiago izango dute bidean, Zestoako Osinbeltzeko presa eraitsi berri baitute. Uraren Euskal Agentziak gidatu ditu eraisketa lanak, Zestoako Udalaren baimenarekin.

Osinbeltzeko presa Zestoako harrobiaren parean zegoen, eta garai batean, izen bereko zentral hidroelektrikoari ura emateko erabiltzen zuten. 1983an izandako uholdeek, baina, kalte larriak eragin zituzten zentralaren azpiegituretan, eta ez ziren erabiltzeko moduan gelditu. Orduz geroztik, utzita zegoen zentrala, eta alferrik zegoen presa. Horregatik, hura eraistea erabaki du Uraren Agentziak. Hala, erakundeak uste du hesi fisiko hori kentzeak Urola ibaiko arrain faunaren iragazkortasunari mesede egingo diola; hain zuzen, “arrainen zirkulazio naturalagoa eta dibertsifikatuagoa” ahalbidetuko duela, “ibaiko baldintzak presa eraiki aurrekoak bezalakoak” izango direlako.

Hilaren hasieran hasi zituzten presa eraisteko lanak, eta dagoeneko bukatu dituzte, baina kontu handiz gauzatu behar izan dituzte, presa zegoen ibai zatia GI-631 errepidearen albo-alboan baitago. Horregatik, errepidearen euste hormaren egonkortasunari ez kalte egiteko, presa guztiz ez eraistea hobetsi du Uraren Agentziak. Errepidearen aldeko alderdian, hiru metroko zati bat zegoen bezala utzi dute, eta baita beste aldeko arintze konporta ere, daukan ondare balioagatik aztarna gisa kontserbatzeko .

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.