Gaurko alerta laranja ezarri dute itsasaldeko arriskuagatik, eta horia euriagatik, haizeagatik eta kostaldeko inpaktuagatik

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 25a, 09:30
(Arnaitz Rubio)

Segurtasun Sailak 06:00etatik 21:00etara ezarri du alerta laranja itsasaldeko arriskuagatik nabigaziorako. Bestalde, alerta horiak ere aktibatu ditu kostaldeko inpaktuagatik, prezipitazio handi eta iraunkorragatik, eta haizeagatik. Tenperaturak ere nabarmen egingo du behera.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du gaur, 06:00etatik 21:00etara bitartean, nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik. Bestalde, kostaldean alerta horiak ere indarrean egongo dira gaur; haizeagatik, prezipitazio handiagatik, prezipitazio iraunkorragatik eta kostaldeko inpaktuagatik.

Euskalmeten esanetan, ipar mendebaldeko haizeak joko du, eta ondorioz, nabarmena izango da tenperaturaren jaitsiera. 12-16ºC artekoak izango dira tenperatura maximoak. Gainera, haize-boladek 100km/h-ko abiadura gainditu dezakete kostaldean. Prezipitazioei dagokienez, Zaparrada trumoitsuak botako ditu, ertainak nahiz handiak. Kostaldeko inpaktuari ere egin diote azpimarra: 5-6 metro ingurukoa izango da olatuen altuera adierazgarria.