HAPO garatzeko prozesua jendaurrean aurkeztu du Udalak

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 24a, 17:30

Asteartean eta asteazkenean egin zituen Udalak martxoan konfinamenduagatik bertan behera gelditutako bi saioak.

HAPO Hiri Antolamendu Plan Orokorra garatzen ari da Udala, eta martxoan konfinamenduagatik bertan behera geratutako bi informazio saioak aste honetan egin ditu, prozesua aurkeztu eta herritarrek parte hartu dezaten. Asteartean eta asteazkenean saio bana izan zen, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren, Alondegiko Oxford aretoan. 

Udalerriaren egitura fisikoan esku hartzen du HAPOk, baina udalerriaren ekonomia, gizarte eta ingurumen gaietan eragingo du HAPO berriak. Ingurune naturalari, mugikortasunari, espazio publikoari, etxebizitzari, jarduera ekonomikoari eta ekipamenduei zuzenean eragiten die. Gainera, zeharlerro moduan ondarea, turismoa, jasangarritasuna eta inklusibitatea ere aztertzen ditu. Finean, eremu fisikoaren barruan egin daitekeena arautzen du.