Inaxio Manterola: "Garai hartan zaila zen lortzea; baina elkartu eta eginez gero, lortzen da"

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 23a, 16:49

'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa' filma botako dute bihar Aita Mari zineman, eta solasaldia egingo dute ondoren dokumentaleko egileek eta garai hartako mugimendu antinuklearreko zenbait kidek. Bertan izango da Inaxio Manterola zumaiarra. 

Zumaiako komisio antinuklearraz eta orduko borrokaz aritu da BALEIKErekin.

Nola sortu zen mugimendu antinuklearra Euskal Herrian? Eta Zumaian?
Zumaiakoa Euskal Herriko bigarren komisioa izan zen. 1973an sortu zen. Sakoneta inguruan bi milioi kilowatteko zentral nuklearra egiteko proiektua zegoen. Bi zentral ziren, Deba I eta Deba II. Ean, Ispasterren, beste bi egin behar zituzten; Lemoizen beste bi; eta Tuteran beste bat. Guztira, ia 7.000 megawatt ziren Euskal Herrian. Pentsa, gaur egun, guztira 1.000 ere ez daude espainiar estatu osoan. 

Lehendabizi boletinean agertu zen Sakonetako proiektua, baina jendeak ez zuen irakurtzen. Gainera, norbaitek zerbait esaten bazuen, gainean zuen Guardia Zibila. Batzuk, ordea, ohartu ziren. Uste dut Mutrikuko Udala soilik posizionatu zela kontra. Lehendabizi Debako komisio antinuklearra sortu zen: Patxi Aldabaldetreku, Karmelo Urdangarin, Jose Mari Izaga, Pako Salegi… aritzen ziren hor. Zentralaren aurkako 1.500 sinadura lortu zituzten. Orduan Joakin Aperribai zegoen alkate Deban, eta Debako Udalak ez zuen zentrala eraikitzeko beharrezko baimena eman. Eliza ere proiektuaren aurka jarri zen. 

Gogoan dut Comisión de motoras-en genbiltzala, Urolako isurien kontrako taldean. Felix Idigoras, Jesusito Arrizabalaga eta ni genbiltzan, beste batzuen artean. Padres de familia-n sortu zen komisioa, Aita Mari gainean zegoen elizaren lokalean. Frankismo garaian han egiten ziren bilerak, bakarra baitzen zentsuratik libratzen zena. Zumaiako komisio antinuklearra sortu zen orduan. Comisión de motoras-en ordezkari bezala parte hartzen zuen zen Felix Idigorasek, eta baita Don Juan Ignacio apaizak, Javier del Pilarrek eta Jesus Olaizola Xuxarrito biologoak ere. Gerran izan zen, ejerzito nazionalean, alferez. Zumaiatik egiten genuen lana zabaltzeko kotxean Zumarragara eta joaten ziren, eta Idigoras txofer joaten zen. Guardia zibilak gelditu, karneta atera eta pasatzen uzten zieten, ejerzitoan jardun zuela eta. Javier Carballo korrespontsala zen Diario Vasco-n. Naturaren alde jotzen zuen, eta irakaslea ere bazen monjetan eta Antoniano ikastetxean. Proiektua ikusi zuenean astakeria bat zela esan zuen. Bera zen aditu bakarra ingurumen eta zientzia arloan.

Izagak Realean jokatzen zuen Chillidarekin. Elkarrekin zeudela egin zituen zirriborro batzuk, eta horietako bat da erabiltzen genuena. Kalabera bat izan nahi du. Diotenez, ezagutzen den lehenengo pegatina izan zen, 63 x 55 milimetrokoa. 80.000 pegatina atera genituen, eta pin-ak ere bai.  

Zer nolako ekintzak egiten zenituzten?
Komisio horrek konferentzia bat egin zuen, pixkat kamuflatuta. Iñaki Linazisoro Diario Vasco-ko kazetaria zen, eta beti kezkatu zuen naturak. Hura joan behar zen ponente, ingurumeneko konferentzi hartara. Ezin zen esan konferentzia hartan zentral nuklearrarena landu nahi genuenik. Julian Izaga, Karmelo Urdangarin eta Patxi Aldabeldetreku ere joan ziren. Horiek esan zuten zer gertatzen ari zen Mendatan. Hala ere, Guardia Zibila kalez jantzita agertu zen. Izagari aurrez deitu zioten konferentzia zeren inguruan zen galdezka, eta ingurumenaren ingurukoa zela erantzun zien. 

Beste ekintza bat ere egin genuen: A3 neurriko orri bat hartu eta egitekoak ziren zentral nuklearrak bere megawattioekin mapa batean kokatzea. Debakoak bat egiten zuen Tuterakoarekin. Debakoek dokumentu bat egin zuten, Luzaro aldizkariko monografikoa. Europara egin zituzten bidaiak zientifiko ezberdinekin, eta aldizkari horretan bildu zituzten zentralek botako zituzten partikula toxikoen inguruko informazioa. Aranzadik ere informe bat atera zuen, 90 orrikoa. Jendea beldurtu egin zen.

Bi baserritar ere izan ziren lurrak saldu ez zituztenak. Desjabetzea zen beste aukera, baina ez zen momentua iritsi. Bat Errotaberri baserria zen, eta bestea, oker ez banago, Sakoneta bera.

Zein erreakzio sortu zuen jendartean?
Herri bakoitzean sortu zen komisio nuklearra. Bi baserritar ere izan ziren lurrak saldu ez zituztenak. Desjabetzea zen beste aukera, baina ez zen momentua iritsi. Bat Errotaberri baserria zen, eta bestea, oker ez banago, Sakoneta bera. Diputazioak erosi zituen beste denak, eta batzuk berriz eskuratzeko aukera izan dute, senitartekoak izatearen baldintzarekin. Iberduerok erosita zeukan hori guztia.

Lemoiz, ordea, ia eginda zegoen. Komite antinuklearrak sortu zirenean haserre handiena Lemoizekin sortu zen. Ez zegoen garbi martxan jarriko zen edo ez. Jendea ohartu ere ez zen egin zer egiten ari ziren han. Gogoan dut Itziarren izugarrizko manifesatazioak egin zirela. ETA ere sartu zen tartean, ingeniari bat hil zuen, Guardia Zibilaren aldetik hildakoak… Inportanteena da herri mugimendua izugarria izan zela, Europan ezagutu den handiena nuklearren kontra. Herri bakoitzean komite bat zegoen. Mugimendua oso horizontala zen, ez zegoen bururik. 

Zer eragin izan zuen Gladysen hilketak?
Hildako batek beti sortzen du haserrea. Ordura arte manifestazioak handiak izan ziren, baina neska gazte bat hil egin zuten. Hori gogoratzera dator dokumentala. 

Ezaguna egin zen Xabier Arzalluzen esaldia: Todo esto va contra el progreso. Lo único que quieren es que en el futuro tengamos que vivir comiendo berzas y alumbrándose con velas. Bestelakoa da errealitatea: ni velas, ni berzas.

Polarizazio politikoa sortu zuen energia nuklearraren gaiak?
Hasieran ez, baina gerora bai. Hasieran EAJko zenbait jende ere proiektuaren kontra zegoen. Betiko aitzakia erabili zuten alde jartzeko: ETA tartean sartu zela. Ezaguna egin zen Xabier Arzalluzen esaldia: Todo esto va contra el progreso. Lo único que quieren es que en el futuro tengamos que vivir comiendo berzas y alumbrándose con velas. Bestelakoa da errealitatea: ni velas, ni berzas. Boterea boterea da, eta negozio handia zegoen han. 

Oker ez banago, Westinghouse modelokoak ziren zentralak. Garai hartan, dagoeneko, debekatuta zeuden AEBetan. Zirkuitu irekiko zentral guztiak debekatu zituzten. Zentralaren nukleoa funditzeko arriskua dago, eta milioika litro urekin hozten da. Ur hotz hori torreta batzutara joaten da, eta zirkuitua itxia da. Teorian, ur horrek ez du atera behar. Hauek, ordea, zirkuitu irekikoak ziren. Presa handi bat egin, itsasoko ura hartu –milioika litro–, hoztu, eta itsasora buelta egin behar zuen ur horrek. Lemoizekin bakarrik, megawattio horiek guztiak jarrita, aurreikusi zen Bizkaiko golkoko uraren tenperatura gradu bat igoko zela. Euskal kostaldeko zentral horiek denak eginez gero, hiru gradu igoko litzateke. Gogoan dut baten aitzakia: hobe, langosta gehiago jango ditugu eta.

Gerora, Bizkaian zentratu zen mugimendua.
Bai. Aktibitate gehiena Bizkaian zegoen. Gu hemen geunden, a la orden. Komisioarekin ez genuen jarraitu. Hala ere, ez zuten uraniorik eta erreaktorerik ekarri Lemoizera. 

Zer iritsi da gaur egunera garai hartako borrokatik? 
Hari esker sortu ziren mugimendu asko, eta proiektu askoren kontra egin dute. Mezua horixe da: elkartuta aurre egiten badugu, ezin dugu pentsatu alferrik dela. Elkartu eta eginez gero, lortzen da. Garai hartan oso zaila baitzen lortzea. Iberduero, EAJ, PSOE, Espainiako kapitala… dira ikusten direnak, baina atzean zeuden Westinghouse, AEB… norbaiti saldu behar dizkiote zentralak. 

Horrez gain, horrek ekarri du Euskal Herrira borroka ohitura bat. Beti izan da, baina bere aztarna laga zuen. Alderdi politikoak, batzuk kenduta, ia denak joan dira boterearen magalera. Gerrako PSOEk eta UGTk eta oraingoak ez dute zer ikusirik. Gaur egun PSOE eta UGT edo patronala gauza bera dira. Diktaduran garbia zen etsaia, baina hemen, demokrazioa deitzen dioten horretan, badirudi ondokoa laguna dela. Kapitalismoaren asmakizun bat da, horrelakoak ez gertatzeko. Iberduero frankorekin identifikatzen zen. Borroka hau demostrazio bat izan zen, herria juntatuz gero gai dela proiektu handiak geldiarazteko. Oso garrantzitsua da hori. Batzuetan ez da kuestionatzen ona den edo ez, baizik eta nondik kobratu behar duzun.

Orain badatoz nuklearrarenak berriz ere. Erraustegiarenak dira. Garbiena nuklearra da, hala da, baina edozein huskeriarekin hondamendia dakar. Ez dauka erremediorik. Presa bat jartzen baduzu energia lortzeko, igoal ez da hain efektiboa, baina apurtuz gero ere agian norbait itoko da. Ez du ondorengoentzako ondoriorik utziko. Zentralak, ordea, bai. Hemendik mila urterako ere utziko luke arrastoa.