Zazpi koronabirus kasu zenbatu dituzte Zumaian azken orduetan

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 23a, 13:54

Urola Kostako herrietan ere igoera nabarmena izan da. Hala eta guztiz, kontuan izan behar da aurreko egunean baino PCR proba gehiago egin dituela Osakidetzak.

Azken orduetan zazpi koronabirus kasu zenbatu dituzte Zumaian egindako PCR probetan. Gora egin dute eskualdeko kasuek ere: bosna positibo atzeman dituzte Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan egindako PCR probetan; lau Orion; eta hamar Zarautzen. 36 positibo denera Urola Kostan. Atzoko datuekin alderatua, igoera nabarmena izan da, bezperan bederatzi lagun baitziren kutsatu berriak. Zestoan jarri behar da azpimarra berriz ere. Astelehenetik itxita daude herriko taberna guztiak eta baita eraikin publikoak ere, eta bertan behera gelditu dira hainbat ekitaldi, aurreko astean kasu positibo ugari atzeman ondoren, egoera kontrolatzeko helburuarekin. Bada, astearteko datuen arabera ez zegoen kutsatu berririk Zestoan, baina gaurko datuetan bost agertu dira berriz ere. Gainera, kontuan hartu behar da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tasa altuena dutela Zestoan: 834,86. Zer neurtzen du horrek? Bada, azken zazpi egunetako tasa 100.000 biztanleko.

Bestalde, kontuan hartu behar da azken orduetan aurreko egunean baino PCR proba gehiago egin dituela Osakidetzak: 9.760 proba egin ditu, eta 405 kasu positibo egon dira. Aurreko egunean, berriz, 8.519 PCR probaren emaitza izan ziren 314 kasuak (eta 348 kasu Nafarroan, 3.346 proba eginda).

Lurraldeka, azken orduetan 51 kasu berri atzeman dituzte Araban, 177 Bizkaian, eta 169 Gipuzkoan. Beste zortzi kasu ere egon dira. Gaur-gaurkoz, denera 275 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 56 ZIUn.