Metalgintzako langileek auto karabanak egingo dituzte bihar eta etzi

Baleike 2020ko ira. 23a, 11:59
Eskualdez eskualde mobilizazioak egiten ari dira Gipuzkoako metalgintzako langileak. (LAB sindikatua)

LAB sindikatuak deitu ditu mobilizatzera, metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioan Adegiri presioa egiteko bide bakarra hori dela iritzita. Bihar Arroatik Azkoitira egingo dute auto karabana, 10:00etan hasita; eta etzi, Oriotik Zumaiara.

Udako etenaren ostean, sindikatuek eta Adegi patronalak irailaren 5ean ekin zioten berriro Gipuzkoako metalgintza sektoreko lan hitzarmena negoziatzeari, baina oraingoz, ez dute euren jarrerak hurbiltzerik lortu. Hori dela eta, ostiralean egitekoak diren bileraren atarian —seigarrena izango da—, langileei mobilizatzeko deia egin die LAB sindikatuak, “oso argi” baitu Adegik bere proposamenak hobetu ditzan beharrezkoa izango dela “langileak antolatzea eta aktibatzea”. Eskualdez eskualde propaganda banatzen eta auto karabanak egiten ari dira egunotan, eta halaxe egingo dute Urola Kostan ere. Bihar, osteguna, 10:00etan abiatuko dira Arroako industriagunetik, eta herrigune eta industriaguneetatik barrena Azkoitiaraino joango dira, auto ilaran. Ostiralean, berriz, gauza bera egingo dute Oriotik Zumaiara. 

Honakoak dira LAB sindikatuaren aldarrikapen nagusiak metalgintzako langileentzat: soldata duinak, lanaldiaren murrizketa, lizentziak eta baimenak hobetzea, gazteen kontratuak hobetzea, azpikontratatutako langileentzat subrogazio eskubidea, behin-behinekotasuna eta ABLEak mugatzea, aukera berdintasuna, errelebo kontratatua eta laneko bajetan %100a kobratzea. Sindikatuak emandako datuen arabera, “Gipuzkoako metalgintzako enpresek 840.762.000 euroko irabaziak izan zituzten 2018an, eta hala eta guztiez ere, patronala ez dago prest langileen lan baldintzak duintzeko”.