Osasun krisiak sei hilabete

Isaak Aranberri: "Datozen hilabeteak orain arteko hiru asteak bezalakoak baldin badira, nahikoa lan izango dugu"

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 23a, 11:22

Sei hilabete bete dira koronabirusaren izurriteak mundua kolpetik irauli zuenetik. BALEIKE elkarrizketa sorta bat ari da egiten, hainbat esparrutako herritarrek izandako bizipenak biltzeko. Isask Aranberri Zumaiena ikastetxeko zuzendariak bizitako zailtasunak eta aurrerantzerako dituzten erronkak izan ditu hizpide.

Ikasturtearen erdian iritsi zen koronabirusa Euskal Herrira. Nola eragin zuen ikastetxeko egunerokoan?
Martxoaren 13an, gizarteko beste sektore askotan bezala, pandemiaren eraginak 180 graduko aldaketa eragin zuen, bai ikasle eta familientzat, baita irakasle eta langileentzat ere. Bi asterako izango zen berrogeialdi hura hilabetez luzatu zen eta ekainaren bukaera arteko ikasturteak bi aldi edo momentu izan zituela esan dezakegu: alde batetik, Aste Santuko oporraldira arte eta, bestetik, hortik aurrekoa. Ikastetxea pasatu zen egunero goizeko aurreneko ordutik gauera arte ehunka pertsona mugitzen ziren gune izatetik, ateak itxita egotera. Bitarte horretan igaro ginen egunero aurrez aurreko begirada eta gertutasunetik egiten ziren mila tramite eta lan etxetik egitera. Hori horrela,  errealitate berri horren aurrean moldatu behar izan genuen “guztiok”, gizarteko arlo guztietan bezala.

Nola egokitu behar izan zineten egoerara eta zeuen egitekora?
Lehenengo asteak zoramena izan ziren guztientzat. Familiek beraien egunerokoa antolatu behar izan zuten, lana, ez lana, haurrak… irakasleek, berriz, beraien ikasgeletan aurrez aurre egiten zutena pantailaren aurrean egitera pasa behar izan zuten. Etapen arteko antolakuntza, bilerak, material prestaketak, ikasleen taldekatzeak prestatzea, ikasle lanen kudeaketa… Aurreneko egunetako nahastearen ondoren, azpiegitura arazoak azaldu ziren. Interneteko konexiorik eza, ordenagailu falta… familia bakoitzak bere egoera zuen eta denak ziren zailak. Gure kasuan, guraso elkartearekin lotura eta komunikazioa handitu zen, beharrak eta arazoak atzeman eta erantzuteko.

Ikastetxean genituen ordenagailu eramangarriak familien esku utzi genituen (180 ordenagailutik gora), Interneteko konexiorik ez zuten familiak detektatu eta udalaren laguntzaz konektatu ziren, hainbat familiatan ikasleek lana egiteko materiala ikastetxetik bideratu zen… Hau da, behar ezberdinak nola hala erantzuten saiatu ginen. Gure kasuan, haur eskolako txikienetatik hasi eta 18 urte bitarteko ikasleak ditugu, eta egoera honetan batzuen eta besteen  beharrak guztiz ezberdinak direla kontuan harturik, etapa bakoitzera egokitzen saiatu ginen.

Ikasleek ere egokitu beharra izan zuten. Zer nolako eragina izan dezake krisialdi honek ikaste prozesuan? Eta egoera psikologiko eta emozionalean?

Beti esaten da egoera guztietatik ikasten dela zerbait eta kasu honetan ere, horrela izan dela esan dezakegu. Lan egiteko modu berriak garatu dira (lehen ere eskura izan arren asko lantzen ez zirenak) eta maila batean landuriko gaitasun horiek mantentzea interesgarria litzateke eraginkortasunari begira. Baina argi dagoena da kontaktua eta gertuko harremanak behar-beharrezkoak ditugula.

Ikasleen adinaren arabera egoerak ezberdinak direla esan dezakegu. Gazte eta nerabeen kasuan, autonomoak zirenek ez zuten arazo gehiegirik izan ikasgaiak aurrera ateratzeko. Irakaslea bidelagun izanik, ondo aritu ziren etxetik. Autonomoak ez ziren ikasleen kasuan egoera zaildu egin zen. Horiek laguntza gehiago behar zuten eta ikastetxean gaudenean laguntzeko aukera gehiago izaten da, baina egoera hark zailtasun gehigarria suposatu zuen.

10 urtez azpiko haurren kasuan, berriz, lagunekin egon beharra eta sozializatzeko beharra ezinbestekoa zen. Haurrek jolasten ikasten dute, eta premisa hori nagusi izanik, ikaste prozesu hori zaildu zuen egoerak. Haur Hezkuntzan errealitate hori nabarmena izan zen: batetik, ikaskuntza prozesuaren oinarri nagusietakoa jolasa eta harremana bera dira (helduekin eta kideekin), eta bakoitza bere etxean egotea oztopo handia izan zen prozesu horretan. Dimentsio sozialak gero eta garrantzi handiagoa hartzen du 3 urtetik aurrera, eta behar hori etxetik asetzea oso zaila egin zitzaigun.

Aurrekoa aipaturik, ikasle bakoitzak lortu beharreko gaitasun eta helburu akademikoak berrantolatu behar izan zituzten irakasleek. Beraz, ikasturte hau berrantolaturiko programazio horiekin hasi dugu eta agian eta hainbeste denboran ikastetxean ez egoteak nerabeen artean suposatu dezakeen motibazio falta hori aurrez-aurreko klaseekin erraz berreskuratuko dela pentsatzen dugu.

Arlo psikologiko edo emozionalean, berriz, martxora arteko errutina bat-batean eteteak eragina izan zuen ikasleengan. Errutinek norberaren eguna eta egitura mentalak antolatzeko balio dute, eta egoera berriak errutina berriak antolatzeko beharra ekarri zuen. Prozesua ez zen, ordea, azkarra izan, eta ikasle askorengan egoera horrek ziurgabetasuna eragin zuen. Maila emozionalean, berriz, egunerokoan ikasleek ohikoak zituzten erreferentziak eta harremanak eten egin ziren bat-batean, eta horrek bere aztarna utzi zuen hainbat ikaslerengan. Aztarna horren sakontasunak lotura zuzena izan zuen bakoitzak etxean bizi duen errealitatearekin (etxeko giroa, gurasoen lana, eta abar).


Ikasturte berriari ekin diozue. Nolakoa ari da izaten?
Protokoloa esku artean dugula hasi dugu ikasturtea, hobetu ditzakegunak hobetuz eta familiekin elkarlanean. 12-18 urteko ikasleekin arauak gogoraraztea ezinbestekoa zaigu. Osasun neurriak izanik, denon ardura da. Ikasleek osasun neurriak barnera ditzaten saiatzen gara. Ikasleen sarrera eta jolasgaraiak ere berrantolatu ditugu eta taldekatze egonkorrak murriztu. Egin daitekeen guztia egiten saiatuko gara.

Nolakoak izango dira datozen hilabeteak?
Orain arteko hiru asteak bezalakoak baldin badira, nahikoa lan izango dugu. Egoera berrira moldatzea denoi ari zaigu kostatzen. Baldintza eta protokoloekin ez dira errazak kudeaketa lanak, baina esan beharra dago haur eta gazteek erabat harritu gaituztela. Guretzako zailak izan daitezkeen eguneroko ekintzei beraiek naturaltasunez eta modu positiboan egiten diete aurre. Beraz, ilusioa piztu zaigu. Beraiek dira etorkizuna eta gure lana ikasle hauen bidelagun izatea da, beraz, indarrez aurrera jarraitzea besterik ez zaigu tokatzen. Denon artean egingo diogu aurre
egoera honi.

Momentuz, gure egunerokoan ikasle guztiekin talderik etxeratu gabe jarraitzen dugu eta horrela izatea espero dugu ahalik eta denbora gehienean. Jakin badakigu, ordea, momentu hori iritsi daitekeela. Hala ere, uste dugu martxotik ekainera ikastetxe bezala ikasi genuen guztiak balio izango digula egoerari modu eraginkorrean aurre egiteko.