Eskualdeko pentsiodunek Zumaian egingo dute protesta astelehenean

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 22a, 16:11

COVID-19aren krisialdiak "egoera larritu" besterik ez duela egin uste dute. Bizi kalitatea hobetzearen aldeko eskakizunak kaleratuko ditu Urola Kostako pentsiodunen mugimenduak. 

Urola Kostako pentsiodunen mugimenduak mobilizazioa deitu du astelehenerako, hilak 28, Zumaian. Beheko plazatik 12:00etan abiatuko da manifestazioa, eta hainbat aldarri plazaratzeko baliatuko dute protesta: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeaz gain, zaintza eta osasuna erdigunean izango dituen sistema baten aldeko aldarria kalera aterako dute. Horrez gain, pentsiodunek adinekoen egoitzetan instituzioek beharrezko baliabideak ipini ditzaten eskatuko dute, "bizitza diru gosearen aurretik jarriz". 

Pentsiodunen mugimenduaren arabera, 2008ko krisi ekonomikoak "modu gordinean" azalerazi zituen lehendik zeuden arazo estrukturalak. COVID-19aren krisialdiak "egoera larritu" besterik ez duela egin uste dute, eta horregatik, diputazioari, gobernuei eta udalei eskatuko diete bizi kalitatea hobetu dadin pausoak emateko.