Beste kasu positibo bat atzeman du Osakidetzak Zumaian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 22a, 15:16

Aian, Orion, Zarautzen eta Zumaian zenbatu ditu kasu positiboak Osasun Sailak. Zestoan ez dute kasu berririk atzeman.

Eskualdean zortzi pertsonak eman dute positibo atzo, astelehena, Osakidetzak egindako PCR probetan, horietako batek, Zumaian. Asteburuko datuekin alderatuta, behera egin dute kasuek, ostiraletik igandera bitartean 34, 39 eta hamazazpi kasu zenbatu baitzituen Osakidetzak, hurrenez hurren. Herriz herri aztertuta, aldiz, Zarautzen atzeman ditu Osasun Sailak kasu gehien: bost guztira. Horrez gain, Aian bi kasu hauteman ditu Osakidetzak, eta bat Orion. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu berririk zenbatu.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Atzo 8.519 PCR proba egin zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan, eta guztira 314 kasu positibo hauteman zituen; hau da, proba egin zutenen %3,6k eman du positibo. Lurraldeka aztertuta, berriz, Bizkaian zenbatu dituzte beste behin kasu positibo gehien: 167 kasu guztira. Gipuzkoan, aldiz, 87 kasu detekatu ditu Osakidetzak eta 52 kasu Araban. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren zortzi laguni ere positiboa detektatu diete.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan 286 pertsona daude gaur gaurkoz ospitaleratuta, horietatik 55 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Atzo beste 33 lagun ospitaleratu behar izan zituzten hiru lurraldeetan, Osasun Sailaren arabera COVID-19 gaitzaren sintomekin. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea, aldiz, 0,98koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak batuta.

Nafarroan, aldiz, 348 kasu positibo zenbatu zituen Osasunbideak atzo egindako PCR probetan. 3.346 proba egin zituzten atzo lurralde horretan; orain arte egindako proba kopururik handiena da hori, gainera. Ospitaleen egoerari buruzko informazioa ere eman du Nafarroako Gobernuak, eta jakinarazi du 206 pertsona daudela Nafarroan ospitaleratuta, atzo baino bat gutxiago. Hala eta guztiz ere, 25 lagun daude ZIUn. Hildakoak ere izan ziren atzo Nafarroan: bost guztira.