Gaztegunea zabalik izango da hilaren 24tik aurrera

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 17a, 10:15

Gazteguneko hezitzaileek eta nerabeek elkarrekin adostu dituzte neurriak. Asteburuan DBH1 mailako nerabeei zuzendutako. harrera saioak izango dira, eta hilaren 24tik aurrera izango da zabalik guztientzat.

Irailaren 24an zabalduko dute Gaztegunea. Aurten COVID-19ak sortu duen egoera dela eta, ohiko funtzionamendua aldatu behar izan dute, baina hezitzaile eta nerabeak prest daude ikasturte berriari ekiteko. 

Hezitzaileek eta Gazteguneko nerabeek elkarrekin adostu dute funtzionamendu berria. Erabilera librea emango diote hasiera batean Gazteguneari, eta nerabeen "tendentzia eta ohiturak kontuan hartuta" egingo dituzte aldaketak funtzionamenduan. 

Asteburu honetan –hilaren 18, 19 eta 20an– DBH1 mailako nerabeei zuzendutako harrera saioak egingo dituzte, eta hilaren 24tik aurrera izango da zabalik Gaztegunea nerabe guztientzat. 

Honakoak dira bete beharreko arauak:

  • Azken 14 egunetan COVID-19aren sintomarik izanez gero, ezin izango da zerbitzua erabili

  • Gaztegunera joan aurretik, etxean tenperatura hartzea gomendatzen da

  • Gaztegunean uneoro maskara jantzita eduki beharko da

Halaber, ohiko izen-ematearekin batera, konpromiso orri bat sinatu beharko dute nerabeen guraso edo tutoreek.