HAPOren inguruko informazio saioak izango dira datorren astean

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 17a, 09:30

HAPOren garapenean herritarren parte hartzea bultzatzea da asmoa. Udalerriko eremu fisikoan egin daitekeena arautzen du HAPO Hiri Antolamendu Plan Orokorrak.

HAPO Hiri Antolamendu Plan Orokorra garatzen ari da Udala, eta prozesu horretan herritarren parte hartzea "ezinbestekoa" dela iritzita, bi hitzordu antolatu ditu datorren asterako: Irailaren 22an eta irailaren 23an saio bana egingo da, euskaraz eta gazteleraz, hurrenez hurren. Aita Mariko zine aretoan izango dira, eta beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, hemen

Udalerriaren egitura fisikoan esku hartzen du HAPOk, baina udalerriaren ekonomia, gizarte eta ingurumen gaietan eragingo du HAPO berriak. Ingurune naturalari, mugikortasunari, espazio publikoari, etxebizitzari, jarduera ekonomikoari eta ekipamenduei zuzenean eragiten die. Gainera, zeharlerro moduan ondarea, turismoa, jasangarritasuna eta inklusibitatea ere aztertzen ditu. Finean, eremu fisikoaren barruan egin daitekeena arautzen du.