Miren Arregi, Steilas sindikatua

"Hobe dugu egun batez greba egin, berriz denok etxeratu baino"

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 15a, 09:09

Heziketa bereziko irakasle gisa liberatuta laugarren urtea du Miren Arregik (Azpeitia, 1988) Steilas hezkuntzako sindikatuan. Ikastetxeetan segurtasuna bermatzeko baliabideak falta direla azpimarratu du

Zergatik jo duzue gaur grebara sindikatuok?
Gure helburua da aurrez aurreko hezkuntza bermatzea. Baliabideak jartzea beharrezkoa da, martxoan ikastetxeak eta haur eskolak itxi zirenean eta gaur baliabide berak daudelako, eta hori onartezina dela uste dugu. Hezkuntza Sailak ahalik eta berme gehienak jarri behar ditu bai haur eskoletan, bai ikastetxeetan, horiek irekita mantentzeko. Hori ez egiteak ikastetxe eta haur eskola guztien itxiera ekarriko du, eta berriz ere kolektibo zaurgarrienek galduko dute gehien itxiera horretan. Horregatik, guk eskatzen duguna da giza baliabideak eta baliabide materialak lehenbailehen ikastetxeetan egotea. Langileentzat itzulera segurua ez bada, ikasleentzat ere ez da izango.

Grebaren testuingurua martxotik gaur artekoa da, ala lehenagotik datoz eskaerak eta desadostasunak?
2009tik murrizketa batzuk egin zituzten, eta urteek aurrera egin ahala, hainbat negoziazioren ondorioz, 2018an bi aurreakordio sinatu ziren Hezkuntza Sailarekin: bat heziketa bereziko sektorean eta bestea irakasleen sektorean. Bi sektore horien abiapuntua oso desberdina zen, hezkuntza berezian kaskarragoa zen egoera, eta oinarrizko zenbait gauza oraindik zehaztu gabe zeuden; hezitzaileen lanaldia, esaterako. Aipatu behar da gaur egun heziketa bereziko sektorean sinatu zen aurreakordioa ia bere osotasunean betetzen dela. OPE deialdi bat dago egiteke, baina jasota zeuden ia puntu denak bere osotasunean betetzen dira.

Eta irakasleen kasuan?
Irakasleen kasuan ez da horrela izan. Aurreakordioan sinatutako eduki gehienak bete gabe daude. Hala ere, aurreakordio horiek sinatzerakoan, Hezkuntza Sailak argi utzi zigun abiapuntua aurreakordio horiek zirela, eta negoziatzen jarraituko genuela. Zoritxarrez, baina, ez da horrela izan. 2018tik ez da eduki berririk jarri mahai gainean negoziatzeko, eta gainera, murrizketak egon dira. Beraz, egoera nahiko prekarioa dela esan behar dugu. Infrafinantzatuta gaudela esan behar dugu, eta eskola publikoa bereziki, umezurtz utzi du gobernuak azken urteetan. Martxotik hona, gainera, ez da inolako elkarrizketarik egon Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen artean, nahiz eta guk hainbat bilera eskatu. Erabaki guztiak aldebakarrez hartu dira, sindikatuekin eta hezkuntza komunitatearekin ezer hitz egin eta negoziatu gabe.

Zer balorazio egiten duzue martxotik gaur arteko lan baldintzez nahiz langileen egoera fisiko-psikologikoaz?
Martxoko itxialdiarekin, egun batetik bestera, haur eskoletako eta ikastetxeetako ikasle eta langile guztiek etxean geratu behar izan zuten, eta etxean zituzten baliabideekin malabareak egiten hasi behar izan zuten, bai langileek, bai ikasleek. Horren ondorioz, langile askok estres maila altua izan zuten, eta kasu askotan 24 orduko arreta ematen ibili ziren. Egun batetik bestera, etxeko baliabideekin prestatu behar izan zituzten eskolak, eta ahalik eta arreta kalitatezkoena ematen saiatu ziren haurrei eta ikasleei. Ikasleek ere oso egoera gogorrak eta latzak pasatu behar izan dituzte, itxialdiak arrakala teknologikoa, arrakala soziala eta euskararekiko arrakala areagotu dituelako, eta zenbait ikasle, egoera txarrenetan, galduta egon dira. Bereziki aipatu nahi dugu zuzendaritzek egin duten lana, bai konfinatuta egon garenean, bai udan, eskola itzulera seguru eta antolatu baten alde, hori diseinatzen eta planifikatzen aritu direlako. Zuzendaritza taldeak, irakasleak eta langileak aritu dira horretan.

Hezkuntza Sailaz zer balorazio egiten duzue?
Zoritxarrez, ezin dugu gauza bera esan Hezkuntza Sailaz. Ekainean oporrak hartzerakoan eta orain, ikastetxeetara itzultzeko garaia iritsi denean, beren partetik ez dugulako inolako lanketa berririk ikusi eta ez direlako egungo egoerara egokitu.

Hezkuntza arloko lanpostuen barruan, ba al daude egungo egoeran babes neurri edo baliabide gehiago behar dituztenak?
Hezkuntza Sailari beti ahoa bete zaio hezkuntza inklusiboaz hitz egitean, baina errealitatea oso bestelakoa da. Heziketa Bereziko sektorean, esaterako, erabakiak beti berandu datoz, bigarren mailako ikasleak eta langileak bailiran. Esaterako, irakasleek telelana egin zezaten zirkular bat argitaratu zutenean, inongo aipamenik ez zitzaien egin Heziketa Bereziko langileei, eta kolektibo horrentzako erabakiak pare bat egunera iritsi ziren. Orain berdin. Hezkuntza laguntzako espezialistei zuzendutako dokumentu bat argitaratu zuten ekainean, esposizio arriskuen balorazio eta prebentzio neurriak zehaztuz. Bada, ikasturtea hasi behar izan dute ikasleak artatzeko edo beraiekin esku hartzeko NBE norbera babesteko ekipamendu gabe, eta hori Steilasentzat onartezina da.

Hain beharrezkoak al dira NBEak?
Bai, horiek gabe langileak ez direlako ari modu seguruan lanean, eta ondorioz, ikasleak ere ez daudelako seguru ikastetxeetan. Gaur-gaurkoz, ez dago ikastetxeetan langileek behar duten NBErik, ez heziketa berezirako, ez haur hezkuntzako irakasleentzako. Haurreskolen Partzuergoa aipatu gabe ere ezin dut utzi; 800 haur pasatxoko matrikulazio jaitsiera jasan du aurten, horrek lanpostuetan eragiten duen galerarekin. Ikasturtea ezegonkortasunez beteta amaitu zuten familiek eta hezitzaileek, eta aurtengoa ere horrela hasi dute. Langileak protokoloak betetzera derrigortuta daude, baina horretarako behar dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak oraindik ez dira iritsi haur eskoletara. Kontratu berriak saihesteko hezitzaileak haur eskolaz haur eskola mugitzera behartzen dituzte, askotan egunean bertan, langileei beren bizitza antolatzeko denborarik eman gabe, eta momentuko hutsuneak estaltzeko asmotan. Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak Haurreskola Partzuergoarekiko jarrera aldatu beharra dute, eta guk horrela eskatzen dugu. Are gehiago, Euskal Eskola Publikoko sarean integratu behar dute, Haurreskola Partzuergoak biziraun dezan.

Zergatik dago horren beharra?
Ezin dugu ahaztu Euskal Eskola Publikorako sarbidea dela Haurreskolen Partzuergoa, baina Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak 0-3 zikloa eskaintzen duten bestelako zentro pribatuei 27 milioi euro inguru ematen dizkiete dirulaguntza publikoetan. Diru kopuru horren zati bat haur eskola publikoetara bideratuko balute, hori doakoa izatea lortuko lukete, eta ondorioz, familia guztiek izango lukete zerbitzu horretara iristeko aukera. Guretzat garrantzitsua da euskal gizarteak jakitea zer gertatzen ari den diru publikoarekin eta nora bideratzen duten, askotan ezjakintasuna dagoelako gure artean.

Guraso batzuentzat ez da erraza ulertzea momentu honetan grebara deitzea sindikatuek, egoera zaila delako oro har gizarte osoarentzat.
Sindikatuontzat eta eragileentzat ere ez da erraza greba honen deialdia egitea. Sakonki pentsatutako greba bat da, aurrez aurreko hezkuntza bermatzea helburu duena. Langileentzat ez bada segurua ikastetxeetara itzulera, haurrentzat edo ikasleentzat ere ez da izango. Gure ustez, hobe dugu egun batez greba egin, segurtasun ezagatik berriz denok etxeratu baino. Familien artean ere iritzi anitzak ditugu; batzuek ikusten dute greba honen beharra, bereziki eskola publikoetako familiek. Adibidez, zenbait ikastetxetan oraindik ez daukate jangela zerbitzua, eta horrek kontziliaziorako hainbat arazo sortzen du.