Mugikortasun elektrikoa izango dute aztergai udal elkartean

Baleike 2020ko ira. 12a, 11:28

Besteak beste, Urola Kostan trantsizio energetikoak enpleguan eta enpresa ehunean nola eragingo duen aztertuko dute. Saioa online izango da eta parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea.

Europako Mugikortasun Astea ospatuko da datorren astetik aurrera. Hori dela eta, trantsizio energetikoa eta, zehazki, mugikortasun elektrikoa aztergai izango dituen informazio saioa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak datorren asteazkenerako. Udal elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin osatutako mugikortasun elektrikoari buruzko diagnosi proiektua aurkeztuko dute. Azterlana osatzeko hiru lan-lerro nagusi jorratu dituzte. Urola Kostan trantsizio energetikoak enpleguan eta enpresa ehunean nola eragingo duen aztertzeaz gain, eskualdeko azpiegiturak datorren errealitate berrira nola egokitu beharko liratekeen ikertu dute. 

Saioa online egingo dute, GoToMeeting plataformaren bidez. Parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute UKUEren webgunean eskuragarri dagoen galdetegia beteta. Ondoren, parte hartzaileek saiora sartzeko esteka jasoko dute beren helbide elektronikoetan. Saioa datorren asteazkenean, irailaren 16an izango da, 09:30etik 10:30era. 

Informazio gehiago nahi duena udal elkartearekin jar daiteke harremanetan telefonoz (943-89 08 08) edo enpresa@urolakosta.eus helbidera mezua bidalita.