Egoitz Lizaso: "Niretzat txirrindularitza ez da bizikletan ibiltzea bakarrik, baizik eta inguruan dagoen guztia"

Sara Ibarguren 2020ko ira. 12a, 10:00

Frantziako Tourra bigarren astean sartuta dago, eta Tropela.eus kiniela atariak motorra martxan du. Atari horretako sortzaile Egoitz Lizasori martxoko aldizkarirako egindako elkarrizketa ekarri dugu webgunera. 

Txirrindularitza denboraldia hastearekin batera, zabaldu dituzte dagoeneko tropela.eus webguneko kinielak. Elkarrizketa honetan dituzue tropela.eus webgunearen nondik norakoak, bertako presidente Egoitz Lizasoren eskutik.

Nola definituko zenuke txirrindularitzarekiko zaletasuna Euskal Herrian?

Niretzat berezia da; txirrindularitza ez delako bizikletan ibiltzea bakarrik, baizik eta inguruan dagoen guztia. Adibidez, ni ez naiz txirrindularia eta oso gutxi aritu naiz bizikletan. Baina historikoki hemen txirrindulari onak izan direlako, badago etapa ikustera joateko edo, bere garaian, Pirinioetara joateko ohitura. Beraz, Tropelan arrakasta baldin badago, horrela definitu badaiteke, behintzat, jendeak apustuak egiterakoan sortzen den lehia horretarako gogoa daukalako da.

Noiz eta nola sortu zen tropela.eus?

2005. urtean izan zen. Euskal Herrian gauza asko egiten diren bezala, hau ere afari baten ondorioz sortu zen. Bikotekidea eta biok beste bikote batekin afaltzera joan ginen. Nire lagunak aspalditik zeuzkan zenbait ideia horren inguruan eta nik ere bai; beraz, pentsatu genuen zerbait serioa egin behar genuela. Ondoren, beste bi lagun batu zitzaizkigun proiektura eta horrela hasi ginen. 2005eko Tourra izan zen lehenengo lehiaketa, nahiz eta webgunean ez egon. Gauzak ondo egin genituen, ondoren telebistan atera ginen eta horrek beste bultzada bat eman zigun.

Nork osatzen duzue?

Ez daukagu bulegorik, irabazi asmorik gabeko elkarte bat da eta bakoitzak bere etxetik egiten du lan ezer kobratu gabe. Esparru guztia biren artean mantentzen dugu; hau da, lehiaketa guztia prestatu, txirrindularitza jarraitu, komunikazio lana, marketin lana, babesleak zaindu eta administrazioko gauza minimoak biren arten egiten ditugu. Baina bloga eramateaz, podcastak egiteaz eta lehiaketa antolatzeaz beste batzuk arduratzen dira.

Otsailaren 28an kinielak zabaldu zenituzten.

Pertsona batzuk ez dira txirrindularitzaz oroitzen udara arte, Tourrera arte, nolabait esateko, futbolean zentratuta egoten direlako. Baina badaude beste batzuk zain egoten direnak otsailaren 28a noiz iritsiko. Denboraldia Tropelarentzat Strade Biancherekin hasi zen, emakumezkoena eta gizonezkoena, eta orain lehiaketa asko datoz. Jende gehiena, ordea, Tourrari begira hasiko da kinielak egiten.

Kiniela irabazleek zer sari eskuratzen dituzte? 

Hasi ginenean, Mediterraneoan zeharreko bidaia bat lortu genuen. Eroski Bidaiak-ek ere lagundu zigun eta euskal txirrindulariek beraiek sinatutako maillotak eman izan dizkigute. Kirol jokoa izan zen gure beste babesleetako bat, baina erabaki genuen ez genuela horrelako babesik onartuko, apustu etxeekin dauden arazoengatik. Abokatuekin hitz egin ondoren, jokoaren eta apustuen araudiarekin lotzeko nolabaiteko arriskua zegoenez, erabaki genuen sari gehiago ez genuela jarriko. Orain ez dago saririk, baina Laboral Kutxa gure babeslea da eta noizean behin berak eskaintzen ditu sariak.

Podcastak ere eskaintzen dituzue.

2010ean hasi ginen podcastak egiten. Gure ideia kiniela egin baino lehen hiru edo lau lagun elkartu eta kiniela komentatzea zen. Ondoren, kazetaritza gisako lana egiten hasi ginen eta laburpenak eta horrelakoak eskaintzen genituen, euskal txirrindularitzaren segimendua eginez. 2017an podcastak.eus sortu genuen Tropelatik eta euskarazko podcastak biltzen ditu.

Euskararen aldeko apustua garbia da tropela.eus-en.

2005ean tropela.net izaten jaio zen eta euskara hutsean eskaintzen genuen guztia. Txirrindularitzako foro batzuk gure berri ematen hasi ziren, baina batzuentzat arazoa hizkuntza zen. Orduan, erabaki genuen nahiz eta guk euskara sustatu nahi izan, Madrilen bizi den batek ere bere hizkuntza gaztelania izanik parte hartzeko aukera izan beharko zuela. Egin genuen lehen gauza katalana sartzea izan zen. Ondoren, beste hizkuntza batzuk sartu genituen eta, gaur egun, gaztelaniaz, bablez, galegoz eta ingelesez dago eskuragarri.