23 zenbakiarekin jokatuko du Nolaskoainek Athleticen

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 11a, 10:37

Peru Nolaskoain jokalari zumaiarra Athleticeko lehen taldearekin arituko da hastear den futbol denboraldi berrian. Bizkarrean 23 zenbakia eramango du, Bilboko klubak iragarri duenez. 

Pasa den denboraldian Coruñako Deportivo klubean jokatu zuen, Athleticek utzita. Ez zen denboraldi ona izan, talde galiziarrak maila galdu zuelako. Horrez gain, denboraldi amaierako partidak galdu zituen Nolaskoainek lesio bat zela medio. 

Coruñako ibilaldia amaituta, Athleticera itzuli da zumaiarra. Gaizka Garitanoren aginduetara izango da Nolaskoain denboraldi berrian. 23 zenbakiarekin jokatuko du.

Orain arte hamar partida jokatu ditu lehen taldearekin, eta bi gol sartu ditu. 2018ko abuztuan egin zuen debuta Athleticeko lehen taldean Ligan, Leganesen aurkako partidan, eta gol bat sartu zuen. Bigarren gola Getaferen aurka lortu zuen.