IRITZIA: Guk ordain ez dezagun

Nerea Irizar eta Mikel Eizagirre 2020ko ira. 9a, 17:14

Oroitzen normalak ziruditen gauza normalak normal egin genitzakeen garaiaz? Jada urruti geratu zaizkigula dirudi. Une batetik bestera, bermatutzat jotzen genituen hainbat gauza kendu dizkigute, inori ezer kontsultatu gabe. Zuk, klasetik edo lanetik nazkatuta irten zaren horrek, ezin izan duzu lagunekin lasai egon isuna jasotzeko mehatxurik gabe. Zuk, gurasoak adinekoen egoitzan  dituzun horrek, hamaika buruhauste pairatu dituzu senideak ikusi ahal izateko. Zuk, irakasle horrek, konfinamenduan hezkuntza prozesuaren erantzukizun osoa jasan duzu bizkarrean. Zuk, ikasle horrek, ikasketa ezinezkotzen zuen eredu telematiko gauzaezak eragindako estresarekin bizi behar izan duzu. Dena osasun publikoaren izenean egin dugu, zuhurtzia propioz batzuetan, zentzurik ez zuten arauak betetzera derrigortuta besteetan.

Ikasturte berriaren nondik norakoez ezertxo ere jakin ez dugun uda arraroaren ostean, telebistan arduragabe batzuk garela mila aldiz entzun eta gero, hara non datorkigun Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, ikasgeletara besterik gabe itzuli egin behar garela esanez. Datozen hilabeetan milaka  haur eta gazte espazio itxietan sartu nahi dituzte berriz. Haur asko, eskolan birusaren arriskupean egon ostean, aitona-amonek zaindu beharko dituzte gurasoak lanean dauden bitartean, eta heziguneetan lan egiten duten milaka langileren osasuna ere arrisku larrian egongo da. Zertarako balio izan dute orain arte hartutako neurri guztiek, iraila iritsi bezain laster produktibitatearen izenean gauzak normal daudela simulatu behar badugu? 

Hezkuntza telematikoa edo mistoa izango dute askok ahotan, komodin onena bailitzan. Konfinamenduko esperientziarekin, ordea, esan gabe doa zein funtzio pedagogiko traketsa betetzen duen metodo horrek, eta zenbat zailtasun suposatzen dizkien baliabide ekonomiko gutxien dituzten familiei. Hori gutxi balitz, hezkuntzaren funtzio diziplinario zein ideologikoak mantendu, software enpresa handiei heziketa prozesuaren gaineko boterea eman eta ikasleei sozializatzeko aurkera kentzen die. Orain, inoiz baino gehiago, begi bistan geratzen ari da hezkuntza sistema etorkizuneko lan-indarra interes pribatuen arabera prestatzeko fabrika dela, eta ez diela langileriaren interesei erantzuten inondik ere.

Azaldutako guztiagatik, Ikasle Abertzaleakek EAEn greba deitu du datorren irailaren 15erako, unibertsitateetan, lanbide heziketan eta bigarren hezkuntzan. Osasun baldintza seguruak bermatu artean klase presentzialak etetea exijituko dute, erantzun irmoa langileriaren osasunarekin jokatzen ari diren horiei: aurrean izango gaituzue.