“Beste ikuspuntu batetik eta beste zerbait kontatzen du 'Haizearen Egia'-k”

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 9a, 19:00

Albitek bihar aurkeztuko du jendaurrean azken hiru urteotan ondu duen 'Haizearen Egia' film laburra. Sorkuntza prozesuan "gorabeherak" izan badituzte ere, "gogotsu" dago lana jendeari erakusteko. 

Orain arte ikus-entzunezkoak zuzentzen aritu bada ere, Haizearen Egia film laburrarekin estreinakoz aritu da zuzendaritza profesionalean Ekain Albite (Zumaia, 1999). Taharen istorioa kontatu du lan horretan: Saharako 20 urteko mutil gaztea da Tahar, eta Euskal Herrian bizi da. Haren familiak, ordea, Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizitzen jarraitzen du. Egun batean, dei bat jasoko du bertatik: aita hilzorian dago, eta etxera itzuli beharko du. Oroitzapenei, iraganari eta kontraesanei egin beharko die aurre Taharek.

Aita Mari zine aretoan aurkeztuko dute filma, bihar, 20:00etan. Proiekzioaren ondoren, mahaingurua izango da, Ekain Albiteren, Samuel Ruiz Darahliko kidearen, Iñaki Ostolaza alkatearen eta Ritxi Lizartza Maluta Filmseko kidearen eskutik. Gonbidapenak eskuratzeko, cristina@malutafilms.eus helbidera mezua idatzi edo 628 31 49 32 zenbakira WhatsAppa bidali beharko da, izen-abizenak mezuan adierazita. Maluta Filmsek jakinarazi du sarrera gutxi geratzen direla.

‘Haizearen Egia’ udaberrian estreinatu behar zenuen, baina irailera arte itxaron behar izan duzu. Gogotsu zaude?
Ilusioz beteta gaude jendeari erakusteko, jendeak ikus dezan. Hiru urte igaro dira proiektu honekin hasi ginenetik. Gainera, desertuan grabatzea oso zaila da, baldintzak oso txarrak dira, eta materiala ez dago ohituta. Gorabehera handiak izan ditugu, eta mundu mailako pandemia bat zen falta zitzaiguna. Jendeak ikusteko gogotsu gaude, bai. 

Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetako errealitatea erakutsi nahi izan duzu, baina fikzioaren forma eman diozu. Ondo moldatu zara?
Sahararen inguruko interesa piztu zitzaigunean eta aztertu genuenean zein proiektu zinematografiko zeuden gaiaren inguruan, ohartu ginen asko erabili zela dokumental estatiko edo historikoaren forma. Fikzioaren bidez Saharako historia kontatu genezakeela jabetuta, beste ikuspuntu batetik lantzea erabaki genuen, oraindik esploratu gabeko ikuspuntuetatik. Hori interesgarria iruditu zitzaigun: dokumentaletatik jasotako herrialde ezberdin baten irudi finko bat dugu, baina era horretan galdu egiten da ikuspuntu humanoa. Jendeak Sahararekin konektatu dezala nahi dugu, hori galtzen ari dela uste baitugu. Jendea gai honetara beste ikuspuntu batetik eta beste bide batetik sar dadin nahi dugu. 

Beraien herrialdetik kanpo ibiltzen diren gazteak dira, eta arakatu nahi izan dugu nola sentitzen diren sorterrira itzultzean

Sentimendu unibertsalen inguruan hitz egin duzu aurkezpenean. 
Bai, ohartu gara bertako gazteek badutela sentimendu bat nik ere noizbait sentitu izan dudana: beraiena sentitzen ez zuten mundu batean egotearena. Ez dute beraien herrialdea ezagutu, beraien gurasoak eta aiton-amonak bertatik ihes egin behar izan zutelako. Inoiz ikusi gabeko itsaso baten alde borrokan ari zirenaren sentimendua zuten gazte hauek. Beraien herrialdetik kanpo ibiltzen diren gazteak dira, eta arakatu nahi izan dugu nola sentitzen diren sorterrira itzultzean. Talka hori garrantzitsua da guretzat: itzuli eta lagunak aldatu egin dira, tradizioak ahaztu… hausnarketa hori baliatu dugu. 


'Haizearen Egia' film laburreko fotograma bat.

Saharako gazte batek kontatuko lukeen bezala kontatu nahi izan duzu filmeko narrazioa. Sorkuntza prozesuan ikerketa lana egin behar izan duzu horretarako. Zerbaitek atentzioa eman dizu?
Tahar izena du protagonistak, ni txikia nintzela uda nirekin igaro zuen Saharako haurrak bezala. Hori izan zen Sahararekin izan nuen lehen lotura. Polita iruditu zitzaidan haurra nintzela bizi izandako lotura horretatik abiatzea. Ikerketa prozesua oso sakona izan da: egoera bera bizi izan duten saharar askorekin bildu gara. Batek, esaterako, aipatu zigun ahaztu egin zitzaiola nola hiltzen zen gamelu bat. Hari horiei tiraka osatu genuen kontakizunaren puzzlea, eta argazki unibertsala osatu genuen, bi zentzutan: batetik, gazte horiena; eta bestetik, gurekin lotura duena; ahaztu egiten baitzaigu nor garen eta nondik gatozen. 

Zerbait aurreratu dezakezu estreinaldia baino lehen?
Gauza ezberdin bat ikusteko gogoz dagoen jendea animatu nahi nuke aurkezpenera. Hasieratik saiatu gara gaia beste era batera lantzen, eta jendeari esango nioke ez dezala espero betiko dokumental bat. Beste nonbaitetik eta beste zerbait kontatzen duen gauza bat da; beraz, agian, ez da denek espero duten zerbait. Hala ere, ezberdina den heinean, beti da interesgarria.