Hilaren 30era arte aurkez daitezke lanak Julene Azpeitia literatur lehiaketan

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 8a, 19:15

33. edizioa du aurten literatur sorkuntza sustatzea eta indartzea helburu duen Julene Azpeitia lehiaketak. Irailaren 30era arte jasoko dituzte lanak.

Zumaiako Udalak gogorarazi du irailaren 30era bitartean izango dela Julene Azpeitia literatur lehiaketara lanak aurkezteko aukera. Idatziaren gaia librea izango da, eta euskara hutsean sortu beharko da. Aurrez argitaratu gabeko 6-15 orri arteko luzerako lanak jasoko dituzte. Lanak helbide honetara bidali beharko dira, Julene Azpeitia 33. ipuin lehiaketarako dela adierazita: Zumaiako Udala. Euskara Zerbitzua. Foruen plaza 1, 20750 Zumaia. Edozein kasutan, idatziak aurkezteko azken eguna irailaren 30a izango da.

Zumaiako Udalak izendatutako epaimahaiak hiru sari banatuko ditu. 3.000 euroko saria izango du irabazleak, 1.500 eurokoa emango diote bigarrenari, eta 1.000 euro jasoko ditu hirugarren postuan sailkatzen denak. 

Zumaiako Udalaren webgune ofizialean, zumaia.eus helbidean, aurki daitezke lehiaketaren inguruko xehetasun guztiak.