Zazpigarren izan da Zumaia Kontxako lehen jardunaldian, arraunean bikain eginda

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 6a, 11:21
Hibaika eta Zumaia Donostiako Badian. Argazkia: Iban Egiguren

Emakumeen traineruek lan erdia egin dute aurtengo Kontxako Banderan. Lehen jardunaldia egin dute, eta Zumaiako Telmo Deun trainerua zazpigarren izan da estropada eder bat egin ondoren.

Zortzi traineru atera dira gaur Banderaren bila; batzuk bandera lehen jardunalditik erabakita uzteko asmoarekin atera dira; besteak ahalik eta lan onena egiteko helburuarekin, eta, posible bada, lehen postuetatik hurbil egoteko gogotsu.

Zumaia bigarren txandan aritu da lehen jardunaldi honetan, eta kale zozketa ez du aldekoa izan; lehen kaletik aritu behar izan du gaur Telmo Deunek. Euskotren ligako bi talde indartsuenak txanda berean zituen: Donostiarra bigarren kaletik eta Orio hirugarrengotik; Errenteriako Hibaika laugarren kaletik aritu da arraunean.

Irteera ona egin dute zumaiarrek; bizi bizi atera dira, eta estropadako burua hartu duen Donostiarragatik hurbil izan dira Donostiako badia barruan, estropadako lehen minutuetan. Itsaso mugitua izan dute gaurkoan, eta behin puntak pasata olatuen artean mugitzea egokitu zaie traineruei. Hor aurrea hartu dute faboritoek, Donostiarrak eta Oriok; Zumaiaren eta Hibaikaren borroka beste bat zen.

Joaneko luzean hiruzpalau segundoko aldea izan du Zumaiak errenteriarrekiko. Ziabogara, baina, batera heldu dira, lehen txandan aritu den Hondarribiaren denbora berean –6:02–, eta Arraun Lagunak baino segundo bat azkarrago. Bi ontzi hauek Euskotren ligan aritu dira aurten. Joaneko luzeko une batzuetan bigarren jardunaldiko ohorezko txandan aritzeko denboran zen Zumaia.

Poparean ez da hain ondo moldatu Zumaia –lehen kalean aritzeak ez die fabore askorik egin–, eta bueltako luzea hartu eta berehala traineru bateko aldea atera dio Hibaikak. Arraunerako baldintza hobe batzuen bila, estropada eremua zeharkatu eta hirugarren kaletik heldu da Telmo Deun, bere txandako laugarren postuan. Sailkapen orokorrean zazpigarren izan dira Kike Manterolak entrenatutako neskak. 

Estropadan lortutako postua baino, egindako estropada hartu behar da kontuan, eta hor bikain aritu da Zumaia. Lan erditarako, Euskotren ligan aritu diren traineru batzuen denbora berean, edo azkarrago, aritu dira zumaiarrak. Pozik egoteko arrazoiak badituzte gaur zumaiarrek.

Sailkapena

  1. Orio: 11:10,26
  2. Donostiarra: 11:12,48
  3. Donostia Arraun Lagunak: 11:23,86
  4. Tolosaldea: 11:27,80
  5. Hondarribia: 11:28,60
  6. Hibaika: 11:31,52
  7. Zumaia: 11:39,82
  8. San Juan: 11:51,14