Neguko arropa eta sendagaiak bildu ditu Darahlik errefuxiatuen kanpalekuetarako

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 5a, 15:02

COVID-19ak eragindako pandemiak denongan du eragina, baita Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi direnen artean ere. Koronabirusa dela eta, Saharako haurrek ezin izan dute aurten Euskal Herrira etorri oporrak gure artean pasatzera, eta horrek are eta gogorrago bihurtu du beraien egoera. 

Horren jakitun, Darahli elkarteak material bilketa egin du asteburu honetan, karabana bidez Saharako kanpalekuetara bidaltzeko. Haur eta familia bakoitzari janaria, arropa, eskola materiala, sendagaiak eta COVID-19 pandemiari aurre egiteko maskarak eta gel hidro-alkoholikoz betetako 28 kiloko poltsa bidaltzea izan da asmoa. Ostiral arratsaldean eta larunbat goizean egin dute bilketa. Dena ondo bidean, karabana urriaren amaieran abiatuko da deserturantz.