Orion izango den kontzertuarekin hasiko da gaur V. Flysch organo zikloa

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 5a, 10:59

Gaur abiatuko da Flysch organo zikloarean bosgarren edizioan, Orion egingo den kontzertuarekin. Zumaian irailaren 26an izango da zikloko saioa. Getarian, Deban eta Mutrikun ere izango dira kontzertuak irailean eta urriaren hasieran zehar.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kontzertuak hartzen dituzten udalerriekin batera antolatzen duen musika ekimena da organo ziklo hau, eta helburua “organoa ezagutaraztea, ondarea zaintzea eta balioestea, eta Gipuzkoako kultur eskaintza turistikoa erakargarriagoa” egitea da. Aldundiaren esanetan, azken helburu horrek bereizten du gainerako zikloetatik, eta “ezohiko ziklo erakargarria bihurtzen du”.

Organo zikloa gaur hasiko da, Orion. Lucie Zákováren eta Carlos Arturo Guerraren manaldia 20:00etan izango da, parrokian. Formazio honetarako pieza originalak interpretatuko dituzte, hala nola “Capona” pieza, Francesca de Santisek idatzia, eta Orioko organorako moldatutako eta pentsatutako moldaketak. Piezak bakarka ere tartekatuko dituzte, estilo askotako programa batean, barroko goiztiarretik gaur egun arte: Tomkins, Couperin, Händel eta Mozart, besteak beste.

Deban izango da hurrengo kontzertua, irailaren 13an: 94 urte dituen Montserrat Torrenteren emanaldia izango da egun horretan. Hilaren 20an Getarian izango da saioa, Santiago Banda organista eta Javier Lekunberri oboe-jotzailaren eskutik; eta irailaren 26an Zumaian: organo, soprano eta tronpeta kontzertua entzuteko aukera izango da San Pedro parrokian, Ainhoa Barredo, Nuria Orbea eta Vicente Olmosen eskutik. 

Azken kontzertua Mutrikun izango da, urriaren 4an, Miriam Cepeda organista eta Luis Alberto Requejo klarinete jotzailearen eskutik. 

Kontzertu guztietan interpreteak ikusi ahal izango dira aldarean jarritako pantailen bidez. COVID-19ren pandemia dela eta, segurtasun neurriak ezarriko dira: ez da esku programarik izango, maskarak erabili beharko dira, eta pertsonen artean distantziak gordeko dira.