Ikasturte hasiera elkarlanean prestatu dute udalak eta ikastetxeek

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 5a, 09:59
Argazkia: Zumaiako Udala

Pandemiak baldintzatutako ikasturtea izango da astelehen honetan hasiko dena. Kezkaz betetako kurtso berria elkarlanean ari dira prestatzen udala eta herriko ikastetxeak. Hala, herriko zenbait gune eskolen erabilerarako gordeko dira.

Zumaiako Herri Eskolako eta Zumaiena ikastetxeko zuzendaritzetako ordezkariak atzo bildu ziren udal ordezkariekin eta teknikariekin ikasturte berriko azken xehetasunak zehazteko, eta baita neurriak adosteko ere.

Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, udalarena diren ikastetxeetan garbitasuna indartuko da, "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloak ahalik eta ondoen betetzeko". Bestetik, herriko espazio batzuk ikastetxeen erabilerarako gordetzea adostu dute. Horrez gain, Zumaiako Institutuko klaustroaren bilerak Aita Mari zinean egingo direla erabaki dute. 

Haur eskolako ordezkariekin ere bildu da udala azken aste honetan. Hartutako erabakien artean, Arrangoleta plazaren itxiera dago, eskola zabalik dagoen bitartean. Eudelen eskaerari erantzunez, berriz, ikasgela moduan erabili daitezkeen eraikinen zerrenda prestatu eta bidali du udalak. 

Ikastetxe bakoitzak bere inguruko espazioak erabiltzea ere adostu dute. Espazio horietan lehentasuna izango dute eskoletako haurrek, eta herritarrei eskatzen diete gune horietan arduraz jokatzeko, "ahal dela, eskolako orduetan ez erabiltzeko eta unean uneko jarraibideak errespetatzeko".

Hiru dira eskolek erabiliko dituzten guneak. 

  • Herri Eskolak Puntanoetako jolas parkea, Aitzuri frontoiaren aurreko berdegunea eta Marianton parkea erabiliko ditu. Azken bi eremu horietan txakurrak ibiltzea debekatuko da, haurrek lasai erabili ahal izan dezaten".
  • Haur eskolen kasuan, Arrangoleta plaza herritarrentzako itxita egongo da, eskola orduetan.
  • Zumaienak ikastetxearen ondoan dagoen Bidabeazpiko jolas-parkea eta Foronda gaina erabiliko ditu.

Eskolak ohiko espazioetatik atera diren unean herria haurrentzat "eremu seguru, atsegin eta gozagarri" egitea herritar guztion ardura dela berretsi dute.