Publikorik gabe jokatuko da Kontxako estropada

IƱigo Gaiton 2020ko abu. 30a, 09:00

Antolakuntzak itxi egingo ditu estropada egunean jendez gainezka egon ohi diren Donostiako eremuak: moila, Pasealeku Berria, Kontxako pasealekua eta Santa Klara irla. Motor ontziek ere ezingo dute badian sartu.

Atzo aurkeztu zuten Donostian aurtengo Kontxako estropaden edizioa. Espero bezala, antolakuntzak hainbat osasun neurri hartu ditu estropaden egunerako, osasun krisia dela eta. "Denboraldiko zitarik garrantzitsuena dena ezohiko egoera honetara moldatu behar izan dugu".

Neurrien artean, arraunzaleei etxean geratzeko eskatu izana da nabarmenena. Antolakuntzak itxi egingo ditu Kontxa inguruko guneak, jende pilaketak eragozteko xedearekin: moila, Pasealeku Berria, Kontxako pasealekua eta Santa Klara irla, hain zuzen ere. Horrez gain, ontziek ezingo dute itsasoz badian sartu, eta azken luzean debekatuta izango dute traineruei segika joatea. 

Estropaden hasiera orduak ere aldatu dituzte, segurtasuna bermatzeko lagungarri izan daitekeelakoan. Ordubete lehenago hasiko dira denak: emakumezkoena 10:00etan eta gizonezkoena 11:00etan.

Horrez gain, sailkapen estropadak bi egunetan egingo dira, kirolari kopuru txikiagoa pilatu dadin. Irailaren 2an, asteazkenarekin, emakumeen hamabost ontzik jokatuko dute sailkatze estropada 17:30ean hasita. Ostegunean, berriz, gizonezkoen 24 traineru arituko dira sailkapen txartelak lortzeko lehian, ordu berean.

Positiboren bat egonez gero, zer neurri hartuko diren ere zehaztu zuen antolakuntzak atzoko aurkezpenean. PCR positiboa kanporaketatik lehen igandera bitartean atzematen badute, taldea kanporatua izango da, eta sailkatze estropadako hurrengoak jokatuko du Kontxa. Kasu positiboa lehen igandetik bigarrengora bitartean agertuko balitz, taldea kanporatua izango da eta ez du inork ordezkatuko.

Sari banaketan ere izango dira aldaketak. Besteak beste, banderak ez dira Donostiako portuan emango, badian baizik. Ligako estropadetan egiten den modura, patroiak jasoko du garaikurra.