Barezulo edo Balezulo?

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 20a, 13:20

Gaurko itsasbeherak aukera eman du Itzurungo kobazuloan sartu eta argazki batzuk egiteko. Baina, ba al dakizue nola deitzen zaio kobazulo horri?

Urtean gutxitan izaten da kobazulora sartzeko aukera, soilik marea bizienetan eta itsasoa bare samar dagoenean. Kobazulo ederra da, barrutik kanpora begiratuta, haitz geruzek balea baten hezurduraren itxura hartzen dute (niri behintzat hala iruditu izan zait beti). Baina ba al du izenik?

Baleikeko artxibora jo dugu eta 2007ko udako Baleike aldizkarian argitaratutako Algorritik Parolera erreportajea aurkitu dugu, Imanol eta Xabier Azkuek sinatuta. Horrela diote:

"Bidean, lehenengo Barezuloko gaina aurkituko dugu (ordekatxoa), eta ondoan Barezuloko jaiskunea eta Barezulo bera, ezkutuan (hondartza aldetik ikusten da). Izen nahikoa berezia da, eta jatorriaren gainean uste bat baino gehiago dago: batzuek diote behealdean dagoen zulora sartzeko ezinbestekoa dela itsasoa bare egotea eta hortik datorkiola izena; beste batzuek diote olatuak gogor jotzen duenean kanpora irteten de ur-zorrotadarengatik dela, balearena ematen duelako, eta horregatik “Balezulo” deitzen diote...".