Koronabirus positibo bat atzeman dute azken orduetan Zumaian

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 19a, 13:44

Eskualdean hemezortzi positibo berri zenbatu dituzte, horietako bederatzi Azpeitin eta bost Zarautzen.

Osasun Sailak jakinarazi ditu dagoeneko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken orduetan izan diren koronabirus datuak, baita herrikakoak ere. Azken egunetan baino kasu gehiago atzeman dituzte Urola Kostan; izan ere, atzo sei ziren –Azpeitian bost eta Zarautzen bat–, eta gaur hemezortzi –Azpeitian bederatzi, Zarautzen bost, eta Zumaian, Aian, Aizarnazabalen nahiz Azkoitian bana–.

Azpeitia izan da eskualdean positibo gehien detektatu dituzten herria. Hain zuzen ere, Alde Zaharreko koronabirus agerraldiari lotutako beste bederatzi kasu atzeman ditu Osasun Sailak –joan zen ostegunetik 103 kasu, zehazki–. Positibo emandako herritarrei nahiz ostalariei ari dira PCR probak egiten; atzo 200 egin zituzten eta gaur ehun gauzatuko dituzte. Gaurtik, baina, anbulatorioaren ondoan muntatutako karpan egingo dituzte probak.

Positiboen kopuruak “nabarmen” egin du behera azken egunetan, baina Alkortak “zuhurtziaz eta arduraz” hartu ditu datuok: “Probak egiten jarraitzen dute, positibo bakoitzaren ingurua arakatzen segitzen dute, eta positibo gehiago detektatzeko aukera dago”. Dena den, fokua kontrolatuta ez badago ere, “lokalizatuta” dagoela azaldu du Azpeitiko alkateak.

Haren arabera, positibo bat “arriskua” da beti: “Positibo bakoitza da kaltegarria, horietako bakoitzaren atzean herritar bat dagoelako, adinekoak edo patologiaren bat duten herritarrak izan daitezkeelako”. Horrez gain, udala herritarrei laguntzeko dagoela gogorarazi du, eta jakinarazi du “etxean kezkatuta edo bakartuta” dauden herritarrei laguntzeko boluntario sarea martxan dela. Hain zuzen ere, bi telefono egokituko dituzte askotariko laguntza eskatzeko: goizez, 08:00etatik 15:00etara Gizarte Zerbitzuetako 943-15 71 92 telefono zenbakira deitu beharko da; eta 15:00etatik aurrera, Udaltzaingoaren 943-15 13 13 telefonora.

Zarautzen, berriz, Arrano taberna itxi dute, langile batek COVID-19a atzemateko proban positibo eman duelako. Horregatik, prebentzio neurri guztiak hartu nahi dituzte, eta taberna itxita izango dute langile guztiei PCR froga egin eta emaitzak jakin bitartean.

510 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 510 kasu atzeman dituzte azken orduetan, atzo baino gehiago. Araban 86 kasu, Bizkaian 316 eta Gipuzkoan 81 zenbatu dituzte, eta etxebizitza hiru lurralde horietatik kanpo duten beste 27 lagunek ere eman dute posiitbo PCR proban. Atzo 90 lagun ospiraleratu zituzten hiru lurraldeetako ospitaleetan –guztira, 168 daude ospitaleratuta–, eta gaur egun hemeretzi pertsona daude ZIUn.