Indarrean dago terrazen ordenantza berria

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 19a, 13:08

Herriko denda, taberna eta jatetxeen terrazak arautzeko ordenantza berria indarrean dago jadanik. Sei hilabeteko epea izango dute araudi berrira egokitzeko.

Atzo argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean terrazak arautzeko Zumaiako ordenantza berria, behin helegiteetarako epea beteta. Hemen irakur dezakezue ordenantza.

Ordenantzaren helburua da Udalarenak diren jabetza eta erabilera publikoko lurzoruen aprobetxamenduaren erregimen juridikoa arautzea, baita erabilera publikoari lotutako jabetza pribatuko lurzoruaren erregimena ere, ostalaritzako eta merkataritzako jarduerak garatzeari loturik.

Instalazioen denboraldiak eta ordutegiak, mahai eta moduluen ezaugarriak eta bestelako baldintzak arautzen ditu ordenantzak. Irisgarritasunari buruzko arauekin bat etorriz, oinezkoen eskubideak lehenesten ditu arauak; oinezkoak igarotzeko jarriko den gutxieneko tarte librea, arau orokorrez, 2 metrokoa edo handiagoa izango da, eta ezingo da inoiz 1,50 metro baino txikiagoa izan.

Baimen eskaerak

Mahaiak eta aulkiak dituzten terrazak eta eremu zedarrituriko edo zedarritu gabeko egiturak dituzten terrazak eta komertzioetako moduluak jartzeko eskariak udal erregistroetan aurkeztu beharko dira, hainbat dokumenturekin batera -ordenantzan bertan zehazten dira aurkeztu beharreko dokumentuen zerrenda-.

Terraza eta mahai-tokien inguruan emanda dauden baimenak ordenantza berrian arautzen diren baldintza teknikoetara eta publizitate baldintzetara pixkanaka egokitzeko 6 hilabeteko epea izango dute ostalari eta merkatariek.