Urrezko Eskularruko finalaurrekoa jokatuko du gaur Goikoetxeak Miarritzen

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 19a, 11:44
Azken bi Urrezko Eskularruak irabazi ditu IƱaki Goikoetxeak.

Irastorzarekin osatuko du bikotea Goikoetxeak, eta Olharan eta Basque izango dituzte aurkari (20:30ean).

Zesta punta denboraldiko txapelketa garrantzitsuenetakoa da Miarritzeko Urrezko Eskularrua, eta Iñaki Goikoetxeak ahalegina egingo du hirugarrenez segidan irabazteko. Eric Irastorza atzelari lapurtarra izango du lagun. Irastorza da txapelketako palmaresean nagusi, hamar aldiz jantzi baitu txapela. Martxoan aldakako ebakuntza egin zioten arren, badu frontoietan lehiatzeko gogoa.

Beste finalaurrekoa astelehenean jokatuko da, eta han izango da Imanol Lopez, Beaskoetxearekin, Erkiaga-Lekerika bikoteari aurre egiteko prest.

Lopez, bihar Donibane Lohizunen

Baina Miarritzen jokatu aurretik hitzordu garrantzitsua du Lopezek Donibane Lohizunen, laugarren Masterra jokatuta, Grand Slamerako sailkapena erabakita baitago. Lopez izan da Masterretako sailkapenean puntu gehien lortu duen atzelaria, eta aurrelari onena izango du bikotekide: Olharan. Erkiaga eta Aimar izango dituzte aurkari finalaurrekoan. Beste finalaurrekoa Tambourindeguy-Aldazabal eta Hormaetxea-Lekerika bikoteek jokatuko dute, asteartean. Finala, abuztuaren 27an.