Aldaketa klimatikoan oinarritutako margoez eta eskulturez osatutako erakusketa zabaldu du Keixetak

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 15a, 11:00

Izotz ertzak izeneko erakusketa zabaldu du Keixeta artistak Alondegiko Oxford aretoan. Azken hilabeteotan sortutako lanek osatzen dute erakusketa hau, eta abuztuaren 30era arte bisitatu ahal izango da. 

Portzelana eta zeramikarekin egindako eskulturek, eta tamaina handi eta ertaineko margoek osatzen dute Keixetaren erakusketa, azken zortzi urte hauetan Zumaian izan duen lehena.

Aldaketa klimatikoa du hizpide arroarrak artelan sorta honetan. "Jakinean gara azken hamarkadetan natura eta bizi garen planetarekiko gizakiaren arduragabekeriak aldaketa klimatikoa dakarrela, eta honekin izotz mendien urtzea eta desegitea. Izotz mendiak oinarritzat hartuta, aurtengo udaberrian konfinamenduan sortutako margo eta portzelanazko eta zeramikazko eskultura erakusten dira, materialek eskaintzen dituzten baliabide plastikoak erabiliaz (zuritasuna, hauskortasuna, gardentasuna)", dio Keixetak.

Erakusketa abuztuaren 30era arte izango da zabalik Oxford aretoan, egunero 18:30etik 20:30era. Asteburu eta jaiegunetan ere zabalik izango da eguerdi aldera, 12:30etik 14:00etara.