Erretratuak

Abraham Larrañaga, artearen bideak erakusten

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele Gorroño

Eszenatokietan ikusi izan dugu Abraham Larrañaga, The Grace of Dionysus hirukoteko kidea, baxua sorbaldatik zintzilik duela, blues, rock edo garaje doinuekin aurrera eta atzera mugitzen. Lana, baina, askoz leku isilago batean egiten du; Donostiako San Telmo museoko aretoetan, hain zuzen ere, aldi baterako erakusketetako gidari.

Orain urtebete hasi zen lan honetan San Telmo museoan, Donostia Kulturak azpikontratatua duen enpresa baten bidez. Martxoaren erdi aldera, baina, koronabirusak sortutako krisialdiagatik, aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea aplikatu zioten, beste langile askori bezala. Elkarrizketa hau egiteko hitzartuta genuen egun horretan bertan albiste on bat jaso zuen: ekainaren amaieran lanera itzuliko zen, eta bisitariei Deabrua ote erakusketako xehetasunak azaltzeko aukera izango zuen berriro. Erakusketa hori, berez, maiatzaren azken egunetan zen amaitzekoa, baina abuztu bukaerara arte luzatuko dute. “Gidatu dudan azken erakusketa da, eta oraindik gogoan daukat”, dio kafea ahora eramaten duen bitartean.

Artearen arlo desberdinak maite izan ditu Larrañagak txikitatik. “Txikia nintzenetik izan dut artearekiko interesa, eta zinemarekin interes hori handitu egin zen”, dio. Oraindik gogoan ditu gazte, oso gazte, zela Stanley Kubrick zinemagilearen film batzuk ikusteak sorrarazi zizkion sentsazioak. “Lehena ikusten 2001: a space oddyssey izango zen. Ez nekien zer esan nahi zuen, baina filma eginda zegoen modua enigmatikoa zen. Baina inpaktu handiena sortu zidana Kubricken beste pelikula bat izan zen, Full metal jacket. 12 urterekin ikusi nuen”.

Historia ere gogoko izan du betidanik, eta ikasketak egiterako orduan bi zaletasunak uztartzen zituen karrera aukeratu zuen: Artearen Historia. “Hasieran Historia ikasi behar nuen, baina ikusten nuen zerbait falta zitzaiola. Artearen Historiak beste kutsu bat du. Historian zehar errepresentazio artistiko desberdinak izan dira, gizateriaren hasieratik gaur egunera arte: gizakiaren pentsaera jasotzen da hor. Historia ikasketei falta zitzaion puntu hori aurkitu nuen hor”. Historia eta arteaz gain, filosofia, literatura edota formen analisia ere ikasi zituen karrera horretan. “Artearen Historian zehar zer teoria eta zer mugarri egon diren ere azaltzen da”.

“Lagun bati bere amak galdetu zion ea zer ikasi behar zuen. Lagunak erantzun zion Humanitateetan eta Letretan aritu nahi zuela, eta Artearen Historia edo Historia ikasiko zuela. ‘Ah, beraz, kamarero izan nahi duzu?’, erantzun zion amak. Niri inork ez dit hori esan, baina egia da karrera hau ikasi dugunontzat lan mundua kaskar samar dagoela”, dio Larrañagak. Behin karrera amaituta, praktika batzuk egin zituen, eta bai, ostalaritzan ere aritu zen. “Ez daukat arazorik kamarero lanetan aritzeko”, dio. Ikasitako arloan mugitzeko aukera ere izan zuen, baita ere. “Muntaketa batzuk egiten lagundu nuen, eta proiektu bat ere egin nuen lagun batekin; instituzio publiko batzuetan aurkeztu genuen, baina ez zuen harrera onik izan”.

Lagun baten bidez izan zuen orain egiten duen lanaren berri. “Jakin nuen jendea behar zutela, curriculuma aurkeztu nuen, eta dirudienez gustatu zitzaien”. San Telmo museoan lanean hasi zenetik hiru erakusketa gidatu ditu. “Lehenengoa Hello, Robot izan zen. Robotei buruzko erakusketa bat zen; errepresentazio artistiko batzuk bazeuden, baina ludikoagoa zen. Etorkizunean izan litekeen gizarte hipotetiko baten irudia ematen zuen, baita robotekiko dugun pentsaera anbibalentea ere: robotak etsaiak dira, baina baita lagunak ere”. Ulm diseinu eskolaren inguruko erakusketa ere gidatu zuen. “Bauhausen ondoren Alemanian izan zen eskola da. Ikusle batzuek zioten erakusketa konplexua zela edo, behintzat, aridoa. Niri ez zitzaidan hala iruditu; oso interesgarria zen, atzetik bazegoelako nondik heldu, Bauhaus edo arkitektura aldetik”.  

Eztabaidako aukerak

Bisita gidatu horien iraupena, normalean, ordubete ingurukoa izaten dela dio. “Iraupen horretako bisitak izatea gomendatzen da museografian, ordubeteren ondoren atentzioa galtzen dugulako. Hala diote. Ordubete, bi ordu gehienez. Jendeari parte hartzen uzten diogu, galderak ere egiten dizkiozu. Bestela, onartu behar da, erakusketa batzuen kasuan bereziki, astuna izan daitekeela”.

Ekintza hauetan denetariko jendeak parte hartzen duela dio. “Adinekoak joaten dira, bai, agian denbora gehiago dutelako. Baina 20-25 urte inguruko bisitariak ere etortzen dira. Museo batera joateko denbora behar duzu, baina baita interesa ere. Gurasoak seme-alabekin ere etortzen dira; kulturaren inguruko interesa dute, eta badirudi seme-alabei transmititu nahi dietela”.

Artea eztabaidarako gaia ere izaten da batzuetan. “Bisita batzuetan eztabaida talde txikiak sortzen dira, eta elkarren artean ezagutzen ez diren bisitariek osatzen dute. Obra artistiko bat bada, haren zentzuaren inguruan eztabaidatzen dute. Gidari bezala, edo artearen historian aditua naizelako, galderak egiten dizkidate, eta amaieran eskertu ere egiten dute. Interakzio horrek dinamika aldatzen ere laguntzen dizu, baina diskurtsoa moldatzeko aukera ere baduzu bestela ere. Ikusten baduzu bisita nahiko planoa geratzen ari dela, beste gai bat jartzen duzu, agian ez hain sakona, eta interesgarriagoa. Psikologia pixka bat ere landu behar duzu, eta umore pixka bat erabili ere bai”.

Museoaren urte osoko programazioaren berri izaten dute gidariek, eta denbora ere bai prestatze lanetarako. “Museoak erakusketetako gidoia prestatzen du. Informazio horrekin liburutegira joaten zara, sakontzera. Gero, erakusketako komisarioa etortzen da, eta hark esaten du erakusketa nondik eraman nahi duen”. Aurreko erakusketa desmuntatu eta berria muntatu bitarteko denbora horretan izaten du denbora ikasteko. “Guk, hala ere, oinarri bat badugu, background bat, eta gidoian jasotzen ez diren xehetasunak ematen ditugu. Adibidez, Deabrua ote erakusketa bruegeldarren inguruan da, eta bisitariei esaten diet Berpizkundeko margo asko aurretik egindako grabatuetan oinarritzen zirela. Horregatik, Berpizkundeko margo batzuetan motibo berberak agertzen dira, figura beraiek, margolari desberdinen lanetan. Baina horrek ez du esan nahi kopiak direnik”. Azken erakusketa honen informazioa ondo barneratuta du, eta pasioarekin hitz egiten du haren inguruan. Gidari izateko kulturarekiko interesa eta pasioa izatea beharrezkoa dela uste du. “Interes hori ez baduzu, gero igarri egiten da bisitari kopuruan”.

Galdetuta ea zer erakusketa gidatu nahiko lukeen, ez du artista edo gai berezirik proposatzen. “Arte garaikidea gehiago interesatzen zait, baina beste estiloekin ez dut arazorik. Artearen mundua oso zabala da, eta gidari bezala denak gustatzen zaizkit. Izango dira besteak baino gutxiago interesatzen zaizkidanak, eta agian izango da erakusketa bat gustatzen ez zaidana. Baina lanean ari naiz, eta denetik ikasten duzu. Denak ematen dizu zerbaitetarako soluzioren bat”.

Museoen mundua “polemikoa, konplexua” dela dio Larrañagak, baina “baita beharrezkoa ere”. “Batzuek diote museoak gaur egungo elizak direla, era sinboliko batean esanda; sakralizatu egiten direla garaiko objektu edo errepresentazio artistiko batzuk. Obrak erlikia bezala ikusten dira. Beste batzuek diote museoak dendak direla; gehienetan, bukaeran denda batean bukatzen duzu. Gauza bat da artearen mundua eta bestea artearen industria. Literaturan, politikan edo beste arloetan bezala, hemen ere kritikoa izan behar da. Iritzia izan behar dugu, baina osatutako iritzi bat. Artearen mundura burua zabalik duzula joan behar duzu, baina ikasita ere bai, agian”.

Gidari bezala gustura dagoela dio Larrañagak, baina etorkizunera begira arteari lotutako beste lanbide batean ikusi nahiko luke bere burua. “Gidari izatea momentuz ondo datorkit, eta une baterako lana bezala ikusten dut. Baina irakaskuntzan edo ikerketan ikusten dut neure burua, edo arte instalazioak muntatzen laguntzen. Arteko komisario izatea? Hori ardura handia da, diskurtso horretan gauza asko sartzen dira eta”.

  • Abraham Larrañaga
  • Adina: 36 urte.
  • Ikasketak: Artearen Historia Gasteizen, eta Erakusketen eta Arte Garaikideen inguruko Masterra.
  • Lanbidea: aldi baterako erakusketen gidaria San Telmo museoan.
  • Lanetik ateratzean gogoko du... Zinea, irakurtzea, lagunekin egotea, musika eta beste taldeen kontzertuetara joatea.