Xistera Masterseko finalerdia jokatuko du Urangak

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 12a, 16:05
Uranga eta Aaron, finalerdietan. (Argazkia: Xistera)

Xistera Masterseko finalerdiak jokatuko dira ostiralean, Markina-Xemeineko Unibertsitate pilotalekuan. Zesta punta jaialdia 19:00etan hasiko da, eta parte hartuko duten puntisten artean zumaiar bat izango da; Unai Uranga, hain zuzen ere. 

Aaronekin ariko da Uranga finalerdi honetan. Final-laurdenak jokatu behar izan zituen bikoteak, eta bi setetan irabazi zien Zuloaga eta Mandagarani. Ostiraleko partidan Antxon eta Goixerri izango dituzte aurkariak. Bientzako lehen partida izango da masters honetan, baina beraiek dira egungo Xistera Zirkuituko irabazleak.

Lehen partidan Mandiola anaien arteko dema izango da. Gonzalez eta Jon Mandiola, Arberen eta Danel Mandiolaren aurka neurtuko dira. Azken bikote honek final-laurdenak jokatu behar izan zituen, eta itxura ona emanez aise hartu zituzten mendean Alberro eta Zugaitz. Gonzalezentzat eta Jon Mandiolarentzat lehen partida da Masters honetan, zuzenean baitzeuden finalerdietara sailkatuta.