Tambourindeguy-Lekerika bikoteak irabazi du Donibane Lohizuneko hirugarren masterra

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 12a, 10:38
Argazkia: Jai Alai News

Donibane Lohizunen jokatzen ari diren Internationaux txapelketako hirugarren eta azkenaurreko masterraren finala jokatu zuten atzo. Iñaki Osa Goikoetxeak Aldazabalekin osatu du master honetako bikotea; finalera heldu bai, baina aurkariak nagusi izan dira azken partidan. 

Jon Tambourindeguy eta Unai Lekerikabeaskoa, Lekerika, izan dira nagusi hirugarren masterreko finalean. Bi setetan erabaki da finala. Lehena 11-15 emaitzarekin amaitu da, eta bigarrena 7-15 emaitzarekin. Tambourindeguy izan da finaleko pilotari onena: lesio bat zela medio jokatu ezin zuen Olharen ordez sartu zen masterrean, eta bera izan da azkenean onena.

Donibane Lohizuneko laugarren eta azken masterra ostegunetik aurrera jokatuko dute. Finalerdiak jokatuko dituzten zortzi pilotarien artean ez dago zumaiarrik.

Behin master hori bukatuta, jakingo da zer pilotarik jokatuko duten Grand Slama. Gogoratu behar da orain arte jokatutako hiru masterretatik lehen biak irabazi dituela Imanol Lopezek –Olharanekin lehena eta Barandikarekin bigarrena–, eta, ondorioz, ziurtatuta duela Grand Slamean aritzea.