Jon Maia: “Izugarrizko krisialdia dator, eta sistema ez dago prest gu salbatzeko”

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abu. 11a, 08:50
Argazkiak: Juan Luis Romatet

Mundua aldatzeko ziurrenik hitzak baino zerbait gehiago beharko dira, baina bide horretan pauso bat aurrera eman du Jon Maia bertsolariak (Zumaia, 1972) berriki. Konfinamendu garaian idatzitako artikulu baten harira, ‘bestemundubat.eus’ ataria jarri dute martxan. Bertan, Maiaren artikulua irakurri eta entzuteko aukera dago, baita proiektuari atxikimendua ematekoa ere.

Dagoeneko 1.000 lagunek baino gehiagok egin dute bat testuarekin.

Zein da ‘bestemundubat.eus’ proiektuaren abiapuntua?

Lehenengo, ekimen bat jarri nuen martxan, nirea, pertsonala, Ixolamenduaren Bertsoak izenekoa. Itxialdian zehar, beharra zuen jendearentzat, egoerak kaltetuta zeudenentzat, bertsoak egiten hasi nintzen. Horretan nenbilen murgilduta, Euskal Herri osotik eskatzen zizkidaten bertsoak, eta joan nintzen kontzientzia hartzen zer-nolako egoeratan zegoen jende asko. Horri tiraka, artikulu bat idazten hasi nintzen. Idatzia publikatu zen Gara egunkarian gaztelaniaaz, Mañana izenarekin. Berriako kultur aretoan, berriz, euskaraz, podcast formatuan. Artikulu hori asko zabaldu zen sare sozialen bidez, eta Amaia izeneko Mungiako neska batek irakurri zuen, ospitalean ebakuntza bat egin berri zegoela. Asko hunkitu zen artikuluarekin, beste lagun batzuei pasa zien, eta jendea elkartzen joan zen artikuluaren bueltan. Testua beste hizkuntza batzuetara itzultzen hasi ziren munduan zehar zabaltzeko. Bide horretan, erabaki zuten webgune bat sortzea, jendeak atxikimendua eman ahal izateko testuari. Zabaldu nahi den ideia hau da: osasun eta ekonomia krisialdi hau aukera bat da mundua birpentsatzeko eta aldatzeko.

Krisialdi garaian sortu dira hainbat ekimen, baina honek ez du eskatzen jendeak ekimen batean parte hartzea, baizik eta besterik gabe, ideiarekin bat egitea eta gero bakoitza, dagoen lekutik, sistema hau aldatzen saiatzea

Nolakoa izan zen webgunea sortzeko prozesua?

Asteak eman zituzten webgunea sortzen apirilean eta maiatzean, eta ekainaren 8an amaitu zuten. Bat-bateko ekimen moduko bat izan zen, borondatezko lanean oinarritua. Amaia izeneko neskak hartu zuen lehenengo, eta jendeari zabaltzen joan ahala, batzuek webgunea sortzeko ardura hartu zuten. Zu sartzen zara webgunean eta artikulua irakurri edo entzun dezakezu. Dioenarekin bat egiten baduzu, atxikimendua egin eta Gaindegiakoek egin diguten munduko mapan islatzen da zer lekutatik egin duzun bat testuarekin. Ideia ez da besterik, beste mundu bat posible delako ideia zabaltzea, eta laguntzea horretan ari diren elkarte, talde eta herri mugimendu guztiei.

Esan daiteke kontzientziak astintzeko tresna bat gehiago dela?

Bai. Krisialdi garaian sortu dira hainbat ekimen, baina honek ez du eskatzen jendeak ekimen batean parte hartzea, baizik eta besterik gabe, ideiarekin bat egitea eta gero bakoitza, dagoen lekutik, sistema hau aldatzen saiatzea. Hori da zabaldu nahi dugun mezua. Webgunean aukera dago bakoitzak nahi duen hausnarketa, marrazki, poema, kantu edo beste edozer igotzeko, betiere, beste mundu bat posible delako ideia horren bueltan.

Nola hartu zenuen zuk testuaren arrakasta eta webgunea sortzearen ideia?

Harritu egin nintzen hasieran. Idazten duzunean ez duzu pentsatzen ondoren zer gertatuko den. Nik nahi nuen nire artikuluaren mezua zabaldu, noski. Testua etorkizunetik idatzia dago, dagoeneko lortu izan bagenu bezala mundua aldatzea. Lerroetan azaltzen dut gertatu ziren gauza horiek guztiak hainbeste pentsarazi zigutela, ezen martxan jarri ginen gero etorriko zen krisialdi ekonomikoaren aurrean jaikitzeko, eta hasi ginela beste mundu bat egiten. Hori da nik proiektatzen dudan bidea.

Azkenean hitzak, hitzak besterik ez dira, baina, ikusten duzunean zure hitzak ekintza bihurtzen direla esaten duzu “Zer ondo, horretarako idazten dugu”.

Azkenean hitzak, hitzak besterik ez dira, baina, ikusten duzunean zure hitzak ekintza bihurtzen direla esaten duzu “Zer ondo, horretarako idazten dugu”

Uste duzu normaltasun berri honek desadostasun jarrera areagotu eta ekintzetara igarotzeko bidea eman dezakeela?

Bi jarrera daudela ikusten dut. Batzuek esaten dute gauzek berdin jarraituko dutela, ez dela ezer aldatuko; azkenean, jendeak lehen bezala nahi duela bizi. Beste jende talde bat badago, ordea, esaten duena lehen bezala ezin dela bizi. Gertatu den hau guztia zaplazteko handi bat izan da, ezin dugu jarraitu desberdintasun sozial hauen gainean mundua eraikitzen, ezin dugu jarraitu oinarrizko eskubideak eta zerbitzuak ahultzen, osasuna ahultzen, pentsioak ahultzen, gizarte zerbitzuak ahultzen. Ezin dugu mugarik gabeko desarrollismo basati horretan jarraitu, eta pentsatu munduak berdin iraungo duela. Ez da jasangarria gure bizimodua planetarentzat. Ezin dugu arrazakeriaren gainean funtzionatzen jarraitu, ezin dugu emakumearen esplotazio sistematikoaren eta gutxiespen sistematikoaren gainean gizartea eraikitzen jarraitu.

Azkenean, honek guztiak etxean sartu gaitu eta ikusarazi digu zer den benetan garrantzitsua. Kontua da, gainera, pandemia honek ez duela bereizten aberats eta pobreen artean. Pobreak lehenago harrapatzen ditu, noski, baliabide gutxien daukan jendea delako. Baina kontua hau da: edo denon artean bukatzen dugu honekin, edo ez da inor salbatzen. Hainbeste desberdintasunen gainean eraiki dugu mundua… munduaren hiru laurdenak ez du baliabiderik horrelako larrialdi bati aurre egiteko. Nola konponduko dugu hau?

Hala ere, ikusten ari gara aldaketa klimatikoaren aurkako borrokak indartuta aterako direla, baita borroka sozialak ere. Lehendik zetozen erresidentzietako langileen grebak, pentsionisten manifestazioak, orain Ameriketako Estatu Batuetan ikusten ari garen arrazakeriaren aurkako mugimendu guztia… Azkenean, borroka guztiek helburu bat dute, eta da berdin ez jarraitzea. Gertatzen dena da jendearen inertzia dela bere burua salbatzea, lehengora bueltatzea eta lehen bezala bizitzea, baina, izugarrizko krisialdia dator, eta sistemak ez gaitu salbatuko. Ez dago prest gu salbatzeko. Horregatik, sistema aldatu egin behar da. Hori bakarrik ez da gertatuko, ez da zerutik eroriko, horretarako eragin egin behar da, eta hau ekimen bat gehiago da borroka horretan, umila eta txikia, baina ekimen bat gehiago.

Horrelako krisialdiak iritsiko dira aurrerantzean ere; beraz, hobe dugu gizarte indartsu bat izan, ahaldundua, oinarrizko eskubideak asebeteta dituena, eta ez etengabe gehiago eduki eta kontsumitu nahi duena, oinarrizkoa ez daukagunean

Borroka erraldoi horretan, zure hondar aletxoa da hau, beraz. Ondoen egiten duzunetik, hitzen dantzatik.

Bai, ni horrek asko betetzen nau. Ni ezin naiz egon geldirik begira mundua nola erortzen den, eta hau guztia ez dut nigatik bakarrik egiten. Bertsolariok, kulturako langileak, oso egoera larrian gaude. Baina nik uste dut egoera honen lezioetako bat dela norbera salbatzeko modu bakarra denok salbatzea izatea. Alegia, edo denontzat egiten dugu mundu bat, edo hemen dagoeneko ez da inor libratuko.

Horrelako krisialdiak iritsiko dira aurrerantzean ere; beraz, hobe dugu gizarte indartsu bat izan, ahaldundua, oinarrizko eskubideak asebeteta dituena, eta ez etengabe gehiago eduki eta kontsumitu nahi duena, oinarrizkoa ez daukagunean.

Nik sinesten dut hitzaren indarrean, bertso baten indarrean, kantu baten indarrean, eta edozein txinpartak piztu dezake su bat, lagunduko duena palanka efektua egiten gizartearengan. Gehien asebetetzen nauena, edozein sariren gainetik, edo edozein txapelketaren gainetik, niretzat, hori da: egiten duzun sorkuntzak gizartean eragiten duela eta emaitza bat uzten duela sentitzea. Hau da, hain zuzen, kasu horietako bat.

Zenbaterainoko konfiantza duzu eragin horretan?

Pentsa dezakezu helburura iristen ez bazara, alegia, mundua aldatzera iristen ez bazara, frustrantea izan daitekeela kontua. Kasu honetan bezala, beste edozein borrokatan. Baina ni bidean egiten dudanak betetzen nau. Asebetetzen nau pentsatzeak bidean noala sinesten dudana egiten dudala, sentitzea pentsatzen dudanarekin, nire kontraesan eta guzti, ahal dudan koherenteena naizela, eta ikustea gauza txikiak lortzen ditudala, aldaketak eragiten ditudala. Azken finean, kontua ez da hainbeste lortzen den edo ez. Nik, noski, nahi dut gizarte eredua aldatu, nahi dut mundua aldatu, eta nahi dut jendeak ikustea hori beharrezkoa dela. Baina jakingo banu ere aldez aurretik ez dudala inoiz lortuko, berdin-berdin hasiko nuke bidea. Hori da nire obligazioa bizitzan. Hori da nire lekua eta uste dut hor egon behar dudala, mundua aldatu nahi duen jendearekin, eta horrek betetzen nau. Uste dut mezu hori garrantzitsua dela, ez gara emaitzaren bila joan behar. Gure bidea hori da, ibili dezagun, eta ez badugu lortzen, bada, ibiltzen segituko dugu eta, behar bada, iritsiko gara.

Nik, noski, nahi dut gizarte eredua aldatu, nahi dut mundua aldatu, eta nahi dut jendeak ikustea hori beharrezkoa dela. Baina jakingo banu ere aldez aurretik ez dudala inoiz lortuko, berdin-berdin hasiko nuke bidea

Mezu hori bidaliko zenieke gainerako borrokalari nekaezinei?

Bai. Lehengoan ez dakit nori irakurri nion hau: pentsa daiteke utopia fantasia bat dela, edo lortezinak diren gauzak direla. Baina utopia ortzimuga bat da, eta ibilarazi egiten dizu. Beharbada ez zara iritsiko amesten duzu mundu utopikora, baina iparra markatzen dizu, harantz jo behar duzula diotsu, hori dela bidea.

Ez da alferrik utopiko izatea. Bidea erakusten dizu eta ipar bat ematen dizu bizitzan. Uste dut hori jendearentzat ez dela mezu txarra: egin ezazu bidea, iritsi ala ez, egiten duzun bide horrek egiten zaituelako aske eta betetzen zaituelako.

Nora uste duzu iritsiko dela ‘bestemundubat.eus’?

Ez dakit, auskalo. Agian bere horretan geratuko da. Hala ere, jendeak egiten duen ahalegin txikiena ere ongietorria izango da, lehengoa baino gehiago izango da eta.

Esperientzia badaukazu jendea hitzekin markatzen.

Bai, bide horretan baldin bazaude, gertatzen diren gauza inportanteetan egoteko aukera izaten duzu, eta nik zorte handia eduki dut jende handiaren ondoan egon ahal izan naizelako, eta momentu inportanteetan egoteko aukera ere askotan izan dudalako. Horrek ere izugarri betetzen nau, ekarpena egin ahal izateak. Baditut betirako geldituko zaizkidan momentuak, egunak eta ekimenak.