Goikoetxeak eta Mancik irabazi dute Mutrikuko masterra

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 8a, 11:14
Argazkia: Jai Alai News

Mutriko zesta punta masterreko finala jokatu zuten atzo Miruaitz frontoian. Zesta puntako partidak ikusteko gogoz dira Mutrikun. Horrez gain herriko bi pilotari, Goixerri eta Manci, heldu ziren finalera. Hala, frontoiko aforoa bete egin zuten bertaratu ziren ikusleek.

Goikoetxea eta Manci, Goixerri eta Lekerikaren aurka neurtu ziren atzo gauean jokatutako Mutrikuko masterreko finalean. Partida berdindua izan eta aldeak ez ziren inoiz bizpahiru tantutik igo. Lehen seta Goixerri eta Lekerikaren alde erori zen (13-15); bigarrena, berriz, Goikoetxeak eta Mancik irabazi zuten (15-12).

Berdinketa hausteko set laburrean erabaki zen partida, eta, ondorioz, txapelketa. Goixerrik eta Lekerikak eskura izan zuten garaipena, 1-4 jarri baitziren aurretik. Huts egiteko aukerarik ez, eta Goikoetxeak eta Mancik lau tantu jarraian egin zituzten, seta 5-4 emaitzarekin irabazteko. 

Asteburuko atsedenaldiaren ondoren, Goikoetxea eta Lekerika berriro neurtuko dira egun gutxi barru; Donibane Lohizuneko hirugarren masterreko finalean, hain zuzen ere. Goikoetxea Ibon Aldazabalekin arituko da, eta Lekerika Jon Tambourindeguyrekin.