Artisau azoka egingo da bihar goizean Beheko plazan

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 7a, 08:59
Iaz egindako artisau azokako une bat. Argazkia: Juan Luis Romatet

Artisauak lanean ikusteko, eta haien produktuak erosteko aukera izan ohi da Zumaian, uda garaian egiten den Artisau azokan. Pandemiak baldintzatutako ezohiko uda honetan ere izango da azoka, baina egoerara egokituta. 

Bihar egingo da azoka, Beheko plazan. Aurtengoa goizez bakarrik egingo da, 10:00etatik 14:00etara bitartean, eta osasun neurriak gorde beharko dira. Hala, norabide bakarra izango da, eta postuen artean ere ohikoa baino tarte handiagoa izango da. Horiez gain, distantziak errespetatu beharko dira, eta maskara eraman beharko da uneoro, beste neurri batzuen artean. Azoka honetan egin izan diren tailerrak aurten ez dira egingo.

"Hala beharrez, ohi baino azoka txikiagoa izango da beraz, baina aurtengo udan ere artisauak eta janari postuek plaza hartuko dute", azaldu du Zumaiako Udaleko Kultura Sailak.