Kiroldegiko makinak ohiko lekuetara itzuli dituzte

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 6a, 17:06

Ekainaren hasieran zabaldu zuten Lubaki kiroldegia koronabirusagatik bi hilabete eta erdiz itxita eduki ondoren. Segurtasun neurriak mantendu ahal izateko, gimnasioko makinak eta aparatuak kiroldegiko pistara eraman zituzten. Aste honetan makinak berriro ere bere lekuetara itzuli dituzte. 

Pulpo eskubaloi klubeko taldeak entrenatzen hasi dira dagoeneko –Zumaiakokoek hilaren 17an hasiko dituzte entrenamenduak–. Hori dela eta, pistan zeuden cyclingeko aparatuak eta beste makinak berriro ere goiko solairura itzuli dituzte. Bueltatu bai, baina segurtasun neurriak mantendu ahal izateko aldaketa batzuekin. "Distantziak mantentzen saiatu gara", dio Kirol patronatuko gerente Antxon Alberdik. "Maskara eramatea derrigorrezkoa da kiroldegian ere, baina ez kirol jarduera egiten ari diren unean. Horregatik, pertsonen arteko distantzia errespetatu behar da", dio Alberdik. 

Espazioa egon dadin, gimnasioa eta aldamenean dagoen erabilera anitzeko gela baten artean atea zabalduko dute. Luzaketak egiteko aparatuak, adibidez, kokaleku horretara eramango dituztela gaineratu du gerenteak.

Igerilekuan ere segurtasun neurriak ezarri zituzten. Une honetan, igerilekua hamabi lagunek erabili dezakete une berean, bina lagunekin kale bakoitzeko. "Bere kaleko eskuin aldetik egin behar dute igerian, eta atera eta sartu bakoitzak igerilekuko bere aldetik egin behar du". Familiei zuzendutako orduetan, berriz, igerilekuko sei kaleetatik hiru bakarrik erabili dira; beste hirurak ezingo dira erabili. Igerileku txikia, berriz, familientzako gordeko da, orain bezala. Esperientzia erantzun ona izaten ari dela dio gerenteak.

Iraileko eskaintza prestatzen

Udazkeneko kirol jardueren eskaintza prestatzeko lanetan murgilduta daude gaur egun. Hasteko, urtarrila eta martxoa bitarteko ikastaroetan ari zirenek izango dute udazkeneko jardueretan jarraitzeko aukera. "Ikastaro hauek eten behar izan ziren martxoaren erdi aldera, eta parte hartzaileek ezin izan zuten esan ea hurrengo txandan jarraitzen zuten edo ez. Orain aukera hori zabalduko diegu". Lagun hauek abuztuaren 17tik irailaren 6ra bitartean esan beharko dute jarduera berrietan parte hartu nahi duten edo ez. Irailaren 7tik aurrera izen emate orokorra zabalduko da.