Oreka TXen kontzerturako gonbidapen gehiago banatuko dira bihartik aurrera

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 6a, 13:36

Oreka TX taldearen kontzertuak emango dio bukaera aurtengo Zumaiako Musika Jaialdiari. Emanaldia igandean izango da, 19:30ean, Zumaiako Herri Eskolak Sagarbiden duen eraikineko patioan. 

Kontzertu horretarako gonbidapen gehiago prestatu dituzte, eta ostiralean izango dira eskuragai, turismo bulegoan, 10:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 19:00etara. Pertsonako bina gonbidapen emango dira.

Kontzertua igandean izango da, 19:30etik aurrera. Hala ere, agertokiaren muntaia dela eta, eskolako patioa itxita egongo da igandeko 13:00etatik. 

Ikusleak GKN aldera ematen duen atetik sartuko dira, eta uneoro ohiko segurtasun neurriak bete beharko dituzte: distantzia mantendu, maskara eraman, norbere tokian eserita egon beharra uneoro, etab. 

Oreka TX Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoak sortu zuten 1997. urtean eta orduz geroztik dabiltza txalapartak dituen aukerak ikertzen eta zabaltzen, txalapartaz gozatzen eta goza arazten, azken finean.

Gaur egun Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak eta Mixel Ducau, Iñigo Egia eta Juan Jose Otxandorena musikariek osatzen dute.

Koklea Oreka TX bandaren proiektu berria da. Zientziak natura bere lengoaiaren bitartez interpretatzen duen bezala, Oreka TX txalapartaz baliatzen da bere ingurumenaren irakurketa egin eta partekatzeko.

Boskoteak azken urteetan egin duen ibilbide musikalaren emaitza islatzen da lan honetan, berezko estiloan sakonduz eta soinu tresna organiko eta naturalak erabiliz lengoaia garaikide batean.

Abuztuan ekitaldi gehiago

Jaialdia igandean amaituko da, baina kultur ekitaldiek abuztuan jarraituko dute. Ekitaldi horietarako gonbidapenak bezperan banatuko dira turismo bulegoan. Hemen ere pertsonako bina txartel emango dira.