Donibane Lohizuneko bigarren masterra ere irabazi du Lopezek

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 5a, 16:18
Argazkia: Jai Alai News

Donibane Lohizunen jokatzen ari diren Internationaux txapelketaren barruan bi masters jokatu dituzte dagoeneko, eta bien jabe egin da Imanol Lopez puntista zumaiarra.

Zoratzeko moduko partida jokatu zuten atzo Erkiaga-Aimar eta Barandika-Lopez bikoteek Campos Berri frontoian. Donibane Lohizuneko bigarren masterreko finala jokatu zuten atzo, eta bertaratu zirenek, eta YouTube bidez jarraitu zutenek gozatu galanta izan zuten. 

Urdinez jokatu zuten Barandika eta Lopez lehen setean aurretik joan ziren uneoro... azken tantua heldu zen arte. Gorriei kostatu zitzaien partidan sartzea, Aimarrek normalean baino hutsegite gehiago izan zituelako atzokoan. Hala, Barandikak eta Lopezek tartea zabaldu zuten markagailuan (2-6, 4-7, 9-13), baina gorriek erreakzionatu zuten, gehienbat, Erkiagak aurreko koadroetan duen talentoa erakutsita. 13na eta 14na berdindu zuten, eta azkeneko tantoa, 15.a, gorrientzako izan zen (15-14).

Bigarren seta urdina izan zen. Hasieratik nagusitasuna erakutsi zuten, eta markagailuan izandako 9-15 emaitzak hala erakusten du. Azken setean, set laburrean, erabaki zen txapeldunen izena. Barandikak eta Lopezek lortu zuten lehen tantua (0-1), baina gorriek berdindu egin zuten. Urdinak berri aurretik jarri ziren (1-3), baina baita gorriek hiruna eta launa berdindu ere. Azken seteko azken tantuan erabaki zen mastersa. Lopezek hartu zuen ardura, eta atzean eta aurrean ibili zen, defentsan zein erasoan. Tantoa, baina, Barandikak egin zuen, zazpigarren koadroan errebote bat hartu eta zabalera botata. 

Jokalariek leher eginda amaitu zuten, kantxan botata; ikusleak, berriz, zutik txaloka. Lopezek Canal Pluseko esatariari adierazi zion bezala, zesta puntak irabazi zuen atzokoan.

Internationauxetako bigarren masterseko finala hemen ikus daiteke. 

Orain arte jokatutako bi mastersak irabazi ditu Lopezek –lehena Olharanekin, eta Barandikarekin bigarrena–, eta horri esker ziurtatu du Donibane Lohizuneko Grand Slamean egotea. 

Hirugarren mastersa hastear

Bihar hasiko da hirugarren masterra, eta Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra sartuko da jokoan. Ibon Aldazabalekin bikotea osatuta, Beaskoetxea eta Basqueren aurka ariko da lehen finalerdian. Bigarren norgehiagokan Barandika-Aimar eta Olha-Lekerika bikoteak ariko dira. Jaialdia 21:00etan hasiko da Campos Berri frontoian.