Erretratua

Iñaki Zorita, hamaika lan suaren bueltan

Maria Maya Manterola 2020ko abu. 5a, 09:25
Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele Gorroño

Duela urte batzuk ez zuen sinetsiko inoiz suhiltzaile izatera helduko zenik. Hala ere, beti jo du garrantzitsutzat ingurukoei laguntzea. Sua ogibidearen jatorria izan arren, esku hartze gehienak bestelako larrialdietan egiten dituztela nabarmendu du Zoritak. Zerbitzua pribatizatzearen aurkako borrokan aritu da azken urteotan.

“Beti irakatsi izan didate hurkoari laguntzearen garrantziaz”. Benetako gogoa eta helburu zehatz bat dira, Zoritaren arabera, suhiltzaile izateko beharrezko osagaiak. Gurutze Gorrian eta beste gizarte talde batzuetan hasi zen lanean, baina garai haietan, ez zuen sinetsiko noizbait suhiltzaile izatera helduko zenik. Hiri handiekin lotzen zuen suhiltzaileen ogibidea.

1993. urtean aldatu zen guztia. Zumaiako Gurutze Gorrian egiten zuen lan orduan, eta kostako suhiltzaile boluntarioen talde bat osatzeko prestakuntza jasotzeko aukera eskaini zieten. Hala aurkeztu zen Zorita suhiltzaile boluntarioen probetara, erreskate taldeko kideekin eta herriko beste zenbait gazterekin batera.

Sua da beren ogibidearen jatorria, baina Zoritak aipatutakoaren arabera, gehiago izaten dira bestelako esku hartzeak. Era guztietako larrialdietan jarduten dute: erreskateetan, uholdeetan, luizietan, ateak irekitzen, liztorrak tarteko daudenean eta trafiko istripuetan, esaterako. Larrialdi horiei dagokienez, jendearen artean “ezjakintasuna eta beldurra” dagoela uste du: “Herritar asko kobratuko ote diegun beldur izaten dira. Garbigailua konpontzeko teknikariek irteera kobratzen dute, demagun, 50 euro, eta ondoren matxura bera konpontzea ere bai. Hiru suhiltzaile kamioi larrialdi batera joanez gero, beldurtu egiten dira zenbat kobratuko diegun pentsatzen”. Suhiltzaileak argi utzi du ez dutela larrialdietan esku hartzeagatik ezer kobratzen: “Denok ordaintzen ditugun zergek estaltzen dute ematen dugun zerbitzuaren kostua”.

“Tristea” da, Zoritak aipatu duenez, herritarren artean informazio falta hori ikustea. “Ohikoa da zapi bat ahoan sartuta su artean ikustea, baina gero intoxikatuta amaitzen dute askok ospitalean”, dio. Gasak eta oxigeno falta, horixe dira suaren atzean ezkutatzen diren bi etsaiak: “Suteetan gehienak ez dira erredurengatik hiltzen, asfixiagatik baizik. Oxigenoa %18tik gora behar da ez zorabiatzeko”.

Larrialdietan babesgabe

Lanean bizi izandako kasuak izan ditu hizketagai Zoritak. Badu bat bereziki hunkitzen duena: “Oviedoko suhiltzaile bati gertatu zitzaion 2016an. Eloy Palacio lankidea, bere lanaldia amaitu ondoren, borondatez aurkeztu zen Oviedoko Alde Zaharrean –Uria kaleko 58. zenbakian– piztutako sute batean laguntzera. Eraikina erori, eta, zoritxarrez, bertan hil zen Palacio”. Epaileak kartsukeria dekretatu zuen, eta, ondorioz, pentsiorik gabe geratu da suhiltzaile haren familia. Onartezina da, Zoritaren ustez, familia babesik gabe uztea: “Ahal den guztia egiteagatik, kaltetu egiten zaituzte”.

Bestelakoa izaten da ondorioa, Zoritaren ustez, beste kasu askotan: “Batzuetan jendea saritzen eta ohorez estaltzen ikusten dugu, baina guri…”.

Elkar zaintzen
Ez dute laguntza psikologikorik izaten, eta aldizkari espezializaturen batean jasotako gomendioren bat edo antzeko kasuen inguruan lankideen artean hitz egitea dira suhiltzaileentzat terapia. Esku hartzeen inguruan taldean hitz egin eta sentsazioak ateratzea gomendatzen dute, baina Zoritak aipatu du beti ez dela erraza izaten.

Gainerako funtzionarioen ordu berak ematen dituzte lanean suhiltzaileek, baina 24 orduko txandak izaten direnez, “gehiago libratzen diren sentsazioa” ematen duela uste du Zoritak. “Gipuzkoako Aldundiko suhiltzaileak 24 orduz ari gara lanean, eta 48 orduz hartzen dugu atseden gero. Hamar edo hamaika txanda egiten ditugu horrela, eta ondoren, librantza luzeko egun batzuk hartzen ditugu. Hala eta guztiz, zerbitzuaren premiagatik dei diezagukete egun horietan”.

Pribatizazioaren aurka
Azken urteotan zerbitzua pribatizatu nahi izan dute, eta istilu ugari izan dira pribatizazio saiakera hori dela eta. Zorita pribatizatzearen aurkako sinadura bilketetan aritu da. Haren hitzetan, “ezjakintasun eta arduragabekeria handia” dago orokorrean gizartean: “Ez zaigu inporta benetan zerbait larria gertatzen den arte. Hala ere, sinadurak eskatzera atera garenean jendeak lagundu digu. Eskatzen dena ez zen gure onerako bakarrik, kontrakoa baizik”. Suhiltzaileak dioenez, eskatu dute ogibideak profesionala izan behar duela –eta ez boluntarioena–, funtzionario publikoak izan behar dutela agintaritzaren agente gisa jardun ahal izateko, eta esku hartzeetan kabo bat beharrezkoa dutela. “Bi suhiltzaile sartzen dira su artean, bi autoan izaten dira eskailerarekin, beste bat autobonba kamioian. Batzuetan lau edo bost suhiltzaile egoten gara guardian, eta sei egotea da gure eskakizuna, kaboarekin batera”, gaineratu du. Gipuzkoa babestu 2020-2030 plan estrategikoan sei suhiltzaileko guardiak jartzeko asmoa dutela gogoratu du, baina, Zoritaren arabera, luze jo dezake neurri hori hartzeko erabakia. Suhiltzaileei “lehenbailehen” hartzea gustatuko litzaieke. Aldi baterako lan egiten duten baina plazarik lortzen ez duten suhiltzaileen egoera ere aipatu du: “Funtzionario izateko modu bakarra oposizioa egitea da, baina horretarako deialdia egin behar du Diputazioak”.

Horrez gain, formakuntza jasotzea ere beharrezkotzat jo du Zoritak: “Prestakuntza handitu beharko lukete, praktikak egin, materialaren berri eman… erremintak egunetik egunera aldatu egiten dira, eta ibilgailu berriak ditugu. Aldaketa horiekin guztiekin beharrezkoa da formakuntza”.

Euskadiko Suhiltzaileen Legerako jaso zituzten sinadurak: “Ez zitzaigun gustatzen, enpresei eta boluntarioei lekua ematen zielako, eta ez zituelako asko jorratzen suhiltzaile kopuruaren, prestakuntzaren eta funtzionarioen arloak”. Bestetik, Estatu mailako lege baten alde egiteko ere bildu zituzten sinadurak. Zoritak dioenez, Euskal Suhiltzaileen Legea izan nahi badute ere, Estatuko lege horretan euskal suhiltzaileentzat eskatzen dituzten puntu asko jorratzen dituzte: “Suhiltzaileak karrerako funtzionarioa izan behar duela dio, oposizio libreko sarbidearen bidez, eta profesionala, funtzio jakin batzuekin”.

  • Adina: 47.
  • Ikasketak: Lanbide Heziketa (“Fabrikazio mekanikoko prozesuak” eta “Sistema automatiko eta programagarriak”).
  • Lanbidea: suhiltzailea.
  • Suhiltzailea ez banintz... mantentze lanetan egingo nuke lan, edo zaintzaile, klinika laguntzaile...
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... familiarekin eta lagunekin bizitzaz gozatzea.