Oinatzen bidez animaliak ezagutzeko tailerra eman da Zumaian

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 4a, 16:47
Tailerrean erabilitako materiala.

Inguruan bizi diren animaliak haien oinatzen bidez ezagutzeko tailerra eskaini zuen Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Algorri Interpretazio Zentroarekin elkarlanean, pasa den larunbatean, Juan Belmonte kaleko interpretazio zentroan. Ekimenak arrakasta izan zuen, eta eman ziren bi saioak, euskaraz eta gazteleraz bana, bete egin ziren. 

Haurrei zuzendutako tailerra izan zen, eta 24 umek izan zuten hartaz gozatzeko aukera. Zumaiakoez gain, Donostiatik, Debatik edo Hernanitik etorritakoek ere parte hartu zuten ekintzan.

Gonzalo Torre Geoparkeko ingurumen teknikariak eman zuen tailerra. Haurrei azaldu zienez, mendian, hegaztiak izan ezik, animalia gutxi ikusten dira, "ezkutatuta daudelako, kamuflatzen direlako, beldurtzen direlako, edo gautarrak direlako, beste arrazoi batzuen artean".

Uzten dituzten arrastoak (gorotzak, ileak, soinuak, zuloak eta gordelekuak) edo oinatzak erabiltzen dira haiek antzemateko. "Zenbat behatz edo hatz ikusten dira? Hori da pista nagusiena", azaldu zien Torrek bisitako parte hartzaileei.

Oinatzen moldeak egin zituzten eskaiola bidez, eta haiek lehortu bitartean, animalia hauen ezaugarrien berri eman zien: "non bizi diren, zer jaten duten. Euren soinuak ere entzun ditugu, eta baita barre pila egin ere!". Oinatzen moldeak eskuetan zituztela joan ziren haurrak etxera, pozik.

Geoparkeak antolatuta, antzerako tailerrak egingo dira etorkizun batean Deban zein Mutrikun. Horren berri emango du garaiz Euskal Kostaldeko Geoparkeak.