Dragatze lanak hasiko dituzte bihar Zumaiako bokalean

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 4a, 12:25
Dragatze lanak inguru horretan egingo dira. Irudia: Portu Zuzendaritza

Portuko bokalean pilatutako hondarra ateratzeko dragatze lanak hasiko dituzte bihar. Portu Zuzendaritzak adierazi duenez, lanek bi aste inguruko iraupena izango dute, eta ateratako hondarra Mutrikuko portuko bokalera eramango dute. 

Balenciaga ontziolak Resolute izeneko ontzia itsasoratuko du abuztuaren erdi aldera. Horretarak, aurretik portuko bokalean pilatutako hondarra kendu behar da. Lan horiek egin ezean, ontziek ezingo lukete Zumaiako portua utzi. 

Barra eta Santiago hondartzako eskoileraren artean pilatutako hondar hori dragatzeko lanak bihar hasiko direla iragarri du Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak. Lan hauek Dragasub enpresari esleitu dizkio, eta 31 metroko luzera eta zazpi metroko zabalera duen izen bereko dragarekin egingo dira. Zumaiatik ateratako hondar hori Mutrikuko portuko bokalean birkokatuko dela gaineratu du zuzendaritzak. 

Lan hauek bi asteko iraupena izango dutela aurreikusten dute, eta Balenciagak Resolute ontzia itsasoratuko duen egunean bertan amaitu dira. Itsasoratzea abuztuaren 19 eta 21 egunen artean egingo dela aurreikusi dute.