Agortu dira Mutrikuko zesta punta finalerako sarrerak

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 3a, 17:53

Zumaiako puntistek finalak izango dituzte datozen egunotan. Imanol Lopezek bihar jokatuko du Donibane Lohizuneko bigarren masterseko finala; Iñaki Osa Goikoetxeak, berriz, ostiralean jokatuko du Mutrikukoa. Azken honetarako sarrerak astebeteren faltan agortu dira. 

Miruaitz frontoian jokatuko da Mutrikuko masterseko finala. Koronabirusa dela eta, aforoa murriztu egin behar izan dute, eta 200 lagunek izango dute jaialdia ikusteko aukera. Zesta puntaz gozatzeko gogoa dute Mutrikun, eta sarrerak dagoeneko agortu dira. Kontuan hartu behar da, gainera, herriko bi pilotari heldu direla finalera, eta horrek interesa oraindik eta gehiago areagotu du. 

Jaialdia 22:00etan hasiko da. Lehen partidan Goenaga-Mandiola eta Arbe-Aratz bikoteak neurtuko dira; finalean, berriz, Goikoetxea-Manci eta Goixerri-Lekerika.

Lopez Donibane Lohizunen

Aurretik, bihar bertan, Donibane Lohizunen jokatzen ari diren Internationaux txapelketako bigarren masterseko finala jokatuko da. 21:00etan hasiko da jaialdia, Campos Berri frontoian, eta Canal Plus telebista kateak emango du. Barandika-Imanol Lopez eta Erkiaga-Aimar bikoteek jokatuko dute azken partida hau.