Zabaldu dute izen ematea pilota txapelketa herrikoietarako

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 3a, 11:50

Uste baino beranduago, baina aurten ere jokatuko dira pilota txapelketa herrikoiak, bai eskuzkoa eta baita palakoa ere. Bietarako zabaldu dute dagoeneko izen ematea.

Txapelketa hauek udaberri aldera hasi izan dira urtero, San Pedro jaietan amaitzeko. Aurten, baina, dena hankaz gora utzi du koronabirusak. Hala ere, Zumaiako Pilota Elkarteak nahiago izan du kirol proba hauek udazkenera atzeratzea bertan behera uztea baino. Printzipioz, osasun kontuengatik aldaketarik ez bada, behintzat, txapelketak irailean hasiko dira, eta urriaren 12 aldera amaituko dira, garai horretarako aurreikusita dauden San Telmo jaien barruan. Partidak Odieta frontoian jokatuko dira, eguraldiak uzten badu, behintzat.

Eskuzko txapelketa herrikoia udazkenean jokatzeak izango du eragina udaro ospatzen den beste pilota txapelketa batean; Itzurungoan, hain zuzen ere. Pilota Elkarteko arduradunak Itzurungo txapelketako antolatzaileekin bildu dira, eta aurten bertan behera uztea erabaki dute, txapelketa herrikoiari lekua uzteko.

Esku pilota txapelketa binaka jokatuko da. Aurten, berrikuntza bezala, palakoa ere binaka jokatuko da –aurreko urteetan banaka jokatu izan da–. Beste aldaketa batzuk sartzea ere pentsatzen ari dira antolatzaileak.

Bi txapelketetarako izen ematea zabaldu dute jada. Eskuzkoan parte hartu nahi dutenek 652 71 69 46 (Ander) telefonora deitu dezakete edo WhatsAppeko mezu bat bidali; palako txapelketaren kasuan 666 42 56 40 (Ibon) telefonora deitu edo idatzi beharko dute. Izenak posta elektronikoaren bidez ere eman daitezke, Pilota Elkartearen helbidera idatzita: zpelkartea@gmail.com.

Izena ematen duen pilotari kopuruaren arabera erabakiko da txapelketaren egutegia.