Elgarren eta Rachmaninoffen obrak jo ditu Sapere Aude Sinfoniettak Zumaienan

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 3a, 10:11

Zumaiako Musika Jaialdiko orkestra egoiliarra da Sapere Aude Sinfonietta, eta aurten ere ez du hutsik egin jaialdiko egitarauan. Alain Ayerdik zuzenduta, Elgarren eta Rachmaninoffen obra bana jo zituen atzo Zumaiena ikastetxeko aretoan eskainitako emanaldian.

Ikusle kopuru handia hurreratzen da urtero orkestra honen kontzertuak entzutera. Pandemiak baldintzatutako jaialdian, Sapereren gonbidapenak izan ziren agortzen lehenetakoak. Atzo Zumaienara hurreratu ziren entzuleek emanaldi ederra jarraitzeko aukera izan zuten.

Organoa eta txistua gaur

Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertuak ere hartzen ditu Zumaiako jaialdiak, eta gaur organo zikloko emanaldia izango da parrokian. Organo eta txistu kontzertua eskainiko dute Mari Karmen Azpeitia organo jotzaile zumaiarrak eta Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak. Kontzertua 20:30ean izango da San Pedro parrokian, eta gonbidapenak agortuta daude dagoeneko.