Jabi Gonzalez: "Oso aberasgarria da nire lana, eta izugarri gustatzen zait"

Izaro Altzibar 2020ko abu. 2a, 15:30
Argazkia: Maria Maya Manterola.

Jabi Gonzalez Toston (Zumaia, 1996) da gauez Euskadi Irratian izaten den esataria. Elkarrizketa honetan 23:30etik 07:30era lan egiten duen gaztearen bizimoduaz mintzatu da.

Nola iritsi zara Euskadi Irratira?
Kazetaritza ikasketak egin nituen EHUn, eta azken urtean Euskadi Irratian bekaldia egiteko aukera suertatu zitzaidan. Horrela, kirolen sailean aritu nintzen asteburuetan, eta praktikaldia bukatutakoan, berriz deitu zidaten, udaran ‘super-bekadun’ aritzeko.

Eta ondoren?
Gradua bukatu eta ondorengo lauhilekoa arraro samarra izan zen. UNEDeko Psikologia graduan matrikulatu nintzen, baina denbora gutxian irratitik deitu zidaten praktika hitzarmen bat eskaintzeko; albistegietan arituko nintzen, eta gaueko ordutegiarekin. Hain zuzen, gidabaimena gainditu nuela esan zidaten egun berean deitu ninduten irratitik (beharrezkoa da gidabaimena lanpostua lortzeko). Psikologia ikasketak alde batera utzi nituen orduan, eta Euskadi Irratira itzuli nintzen. Urte eta erdi daramat jardun horretan.

Zein da zure eginkizuna irratian?
Gau osoan zehar orduro ematen diren albisteak prestatzen ditut. Horregatik, garrantzitsua da alor guztiak ezagutzea: ekonomia, politika, kirola… Gainera, gauez ez da teknikaririk izaten estudioan, eta neuk egiten dut lan hori. Alde horretatik, oso aberasgarria da nire lana, eta ikaragarri gustatzen zait. Gainera, gauez langile gutxi izaten gara, eta oso harreman ona dugu.

Gogorra da gauez lan egitea?
Egia esan, oso ondo moldatzen naiz. Egunero 6-7 ordu egiten ditut lo jarraian arazorik gabe. 
Goizeko 08:30ak aldera iristen naiz Zumaiara lanetik. Lehen zuzenean ohera joaten nintzen, baina orain korrika egitera joaten hasi naiz. 16:00ak aldera jaiki, eta egunari etekina ateratzen saiatzen naiz. Konfinamenduaren aurretik eskubaloiko entrenamenduetara joaten nintzen, eta espabilatuta joaten nintzen lanera afaldu ondoren. Errutina mantentzen saiatzen naiz. 

Asteburuak ordutegia aztoratuko dizu…
Nahita egiten dut lo gutxiago asteburuetan. Ostiraletan lau edo bost ordu egiten ditut lo, larunbat gauean nekatuta egon eta gauez lo hartzeko. Iaz parranda handiak egiten nituen ostiral eta larunbat gauetan; beraz, ordutegi oso antzekoa mantentzen nuen. Asteburuan nekatzen saiatzen naiz. 

Zein dira zure asmoak aurrera begira?
Irailetik aurrera lanpostuz aldatuko nautela baieztatu didate –oraindik ez dakit nora–. Nik eskatu nuen aldaketa, ez gauak uzteko, gauza desberdinak probatu eta ikasteko baizik. Praktika hitzarmena urtarrilean iraungiko da, eta Euskadi Irratiko lan poltsan egotea espero dut. Azken finean, langile asko daude, eta badago aukera lanean aritzeko, tarteka bada ere. Bestalde, frantsesa ikastea eta oposizoak prestatzea gustatuko litzaidake. Ipar Euskal Herriko albisteak frantsesez egoten direlako askotan, eta ezin izaten ditut ulertu.

Euskadi Irratian ikusten duzu zure etorkizuna, beraz?
Bai. Hala ere, ez nioke ezetzik esango beste mota bateko kazetaritzan lan egiteari; Berria edo Gara egunkarietan, adibidez. Irratirako balio dudala uste dut, eta horregatik ikusten dut bertan nire burua.

Izango duzu pasadizorik, seguru...
Gertatu izan zait play botoiari ematea ahaztu eta irratia ordu erdiz isilik egotea… Horrelako gauza asko gertatzen dira.