Mutrikuko masterseko finala jokatuko du Iñaki Osa Goikoetxeak

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 1a, 17:00

Mutrikuko masterseko finalerdiak jokatu ziren atzo Miruaitz frontoian. 200 lagunentzako afora baimendu zen, eta sarrerak bezperarako agortuta zeuden.

Jaialdiko bigarren partida jokatu zuen Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak, Manci mutrikuar gaztearekin bikotea osatuta. Barandika eta Etxeto izan zituzten aurkari finalerdian. Lehenek irabazi zuten lehen seta 15-11 emaitzarekin. Bigarrenean Barandikak eta Etxetok aldea zabaldu zuten (1-6, 2-9), eta gorriek berdinketa hautsiko zuen seterako gorde zituzten indarrak (4-15). Hirugarren set horretan nagusi izan ziren gorriak (5-1), eta hala finalerako txartela lortu zuten. 

Datorren ostiralean, hilaren 7an, jokatuko den finalean Goixerri eta Lekerika izango dituzte aurkariak. Hauek atzoko lehen partida jokatu zuten, eta bi setetan irabazi zieten Goenaga eta Amarri (15-13, 15-9).