“Herria bizi mantentzen da dendek eta tabernek ematen duten biziarekin”

Maria Maya Manterola 2020ko abu. 1a, 12:12
Lore Garciarena eta Esti Irureta. (Maria Maya Manterola)

'Errotaherria' kanpainaren barruan, erosketa bonoen sistema jarri zuen martxan udalak duela ia bi hilabete. Aste honetan bertan amaitu da bono horiek erabiltzeko epea, eta Lore Garciarena Gertu elkarteko teknikariak eta Esti Irureta udaleko turismo eta merkataritza teknikaria pozik agertu dira herritarrek emandako erantzunarekin. 

Ekainaren hasieran jarri zuen martxan Zumaiako Udalak Errotaherria kanpaina, COVID-19aren krisialdi betean herriko merkataritzari bultzada emateko. Kanpaina horren barruan, erosketa bonoak banatu zituzten etxez etxe, Zumaiako establezimenduetan erabiltzeko. Aste honetan amaitu da bono horiek erabiltzeko epea, eta Lore Garciarena Gertu merkatari eta ostalarien elkarteko teknikaria eta Esti Irureta Zumaiako Udaleko merkataritza eta turismo teknikaria pozik agertu dira herritarrek emandako erantzunarekin.

Stock-a eta denboraldiko gauzak zituztenek 2.800 eurora arteko bonoak jaso ahal izan dituzte. Kanpainan parte hartu duten 76 establezimendutatik 20 inguru iritsi dira muga horretara. Hala ere, Garciarenak esan du kontuan izan behar dela gutxienez beste 40 euroko gastua sortu dutela denda horietan, eta hiru aldiz gehiago saldu duela. 

Koronabirusaren krisialdiaren ondorioz, Gerturen eta udalaren harremana are gehiago estutu dela aipatu dute biek: “Harreman estua genuen lehenago ere, eta egoera honetan gehiago estutu dugu”, dio Iruretak. Hala eta guztiz, herri guztiarentzat lan egitea izan da helburuetako bat, eta Gertuk bere kabuz egin dituen ekintzak ere guztientzat zabalik daudela nabarmendu nahi izan dute.

“Banaka deitu dugu saltokietara, eta hori eskertu dute. Askotan ez da ezer zehatza esateko izan, baizik eta jakin dezaten hemen gaudela, eta beraien egoera gertuagotik jasotzeko”

“Banaka deitu dugu saltokietara, eta hori eskertu dute. Askotan ez da ezer zehatza esateko izan, baizik eta jakin dezaten hemen gaudela, eta beraien egoera gertuagotik jasotzeko”, dio Iruretak. “Hori izan da bidea elkartearen eta udalaren eskutik ahalik eta erabaki egokienak hartzeko uneoro”, gaineratu du.

Garciarenak aipatu du dendariak “oso gustura” daudela, eta eskerrak eman nahi izan dizkio udalari elkartearen eta saltoki guztien izenean, “pandemia osoan haiekin izan duen sentsibilitatearengatik” eta dendariak entzuten jakiteagatik. Merkatariak ez ezik, herritarrak ere “oso ondo” erantzun dutela uste du Iruretak. “Beherapenak atzeratu egin dira, baina herritarrek ulertu dute”.

Herritarrak saritzeaz eta establezimenduei bultzada ematez gain, kontzientziak pizteko asmoz jarri zuten martxan deskontu txartelen sistema. “Horrelako egoera zail batean hor egon dira dendariak. Batzuk beldurtuta ere bazeuden, baina zabaldu ditugu ateak hartu beharreko neurri guztiekin. Askotan herrian dugu behar duguna”, dio Garciarenak. “Herritar bezala hausnartu behar genuke produktu bakoitzaren atzean zer dagoen”, gaineratu du Iruretak. “Kontsumitzera goazenean gauza batzuk ez ditugu barneratuta. Horren atzean marketing agresiboa dago, esplotazioa… bi aldiz pentsatu beharko genuke zer dagoen erosten dugun horren atzean. Zumaiako merkatariak borroka handia egiten ari dira beraien dendak mantentzeko”. Garciarenak dio esplotazioa sarri hurrun geratzen dela, baina azken kontsumitzaileak esplotazio hori erosten duela. Ingurumenaren aldetik ere kontsumo eredu horrek kalte handia eragiten duela gogorarazi dute. “Ohitura handia dago, batez ere gazteen artean, Internet bidez erosketak egitekoa. Izan dadila hau hazi bat ohitura horiek aldatzera bidean. Herria bizi mantentzen da dendek eta tabernek ematen duten biziarekin”. 

“Ohitura handia dago, batez ere gazteen artean, internet bidez erosketak egitekoa. Izan dadila hau hazi bat ohitura horiek aldatzera bidean"

Garciarenak aipatu du “esfortzu berezia” egin dutela merkatariek egoerara egokitzeko: “Zerbitzu bereziak eman dituzte askok, webguneak egin dituzte, telefonoz eskaerak egin zitezkeen eta gero etxez etxe banatzen zituzten…”. 

Herritarrak edozein zalantza izanez gero Merkataritza Sailera edo Gertu elkartera jo dezaketela gogorarazi nahi izan dute Garciarenak eta Iruretak. Turismo bulegoan daude kokatuta biak, eta fisikoki gertu izateak komunikazioa ahalbidetu duela uste dute. “Merkatarien zerbitzura gaude, baina baita herritarren zerbitzura ere”. 

Ostalariekin ere hitz egin zuten kanpainari bueltaka zebiltzala, baina Iruretak dio udazkenera itxarotea erabaki zutela. Ostalarien beharrak entzun, eta bigarren kanpaina bat jarriko dute martxan udazkenean: zenbat erosketa bono erabili diren aztertuko dute ostalariekin, eta Gertuko kideekin batera balorazioa egin, eta horren arabera zehaztuko dituzte bigarren kanpainan egin beharrekoak. Garciarenak gogorarazi du COVID-19aren ondorioz kaltetutako merkatariei zuzendutakoa izan dela erosketa bonoen sistema: “Konfinamendu garaian dekretuz itxita egon diren establezimenduei edo beren salmentak %75 edo gehiago jaitsi zaizkienei zuzendu diegu”.